Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertako Igogailuak Euskadiko txapelketako podiumean izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 27a, 11:30
Donostia Arraun Lagunak taldeko kideak banderarekin. Aiora Belartieta lurrean eseria dagoen eskuineko lehena da. Arg.: Donostia Arraun Lagunak

Lekeitioko uretan erabaki da aurtengo traineru modalitateko Euskadiko txapeldunak, hilaren 25ean. Donostia Arraun Lagunak izan da irabazlea emakumezkoen lehian. Aiora Belartieta herritarra eta bere eskifaia kideak nagusi izan ziren proban. Ez zen domina jantzi zuen herritar bakarra izan. Intza Fernandez eta Hondarribia Bertako Igogailuak podiumeko hirugarren mailara igo ziren brontzezko saria jasotzeko

Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia Bertako Igogailuak, Hibaika eta Donostiarra izan ziren lehen txandan parte hartu zuten lau ontziak.

Lugañenek bigarren kalean egin zuen arraun; Ama Guadalupekori, berriz, lehen kale egokitu zitzaion zozketan. Donostiarrak hasieratik jarri ziren buruan; ziabogan Hondarribiarekiko hamar segundoko aldea zuen. Bigarren luzean hegan joango balira bezala ihes egin zuten donostiarrek eta 11.20,88 marka egin zuten helmugan. Berdeek, berriz, ia 22 segundo gehiago behar izan zituzten azken marrara iristeko.  

Lehen eta bigarren ziren herritarren ontziak; bigarren txanda geratzen zen, ordea. Orio Orialki, Tolosaldea, Ondarroa eta Deusto Bilbao ziren lehiakideak. 
Laugarren kalean nagusi izan ziren mirotzak eta ziabogan Hondarribiak baino bost segundo gehiago behar arren, bigarren luzean erritmoa bizkortu eta 11.38,24 egin zuten helmugan. Beraz, Ama Guadalupekoa aurreratu zuen sailkapenean eta podiumeko bigarren maila eskuratu zuten oriotarrek. 

Hirugarren Errenterian 

Bi egun lehenago, berriz, Hondarribia Bertako Igogailuak taldeak Emakumeen Traineru Elkarteko (ETE) ligako jardunaldia izan zuen Errenterian; hirugarren postua eskuratu zuten berdeek.

Hibaika eta Deusto Bilbo ontziek aurre hartu zuten hasieratik. Hondarribiak, berriz, Delteco Zumaiarekin lehia handia izan zuen lehen luzean; ziabogan denbora berdina egin zuten (04.24). Bigarrenean, berriz, zumaiarrak atzean utzi zituen Ama Guadalupekoak eta 11.12,01 denborarekin hirugarren izan zen.

Postuari esker, sailkapen nagusiko lehen postuan mantendu da Hondarribia Hibaikarekin batera berdinduta, 64 puntu.

Kantabrikoko Arraun Elkarteko (KAE) 2. mailako ligan Pasaiako bandera lehiatu zen. Gaizka Ormazabal herritarra kide duen Hibaika Susperregi Edukiontziak bosgarren sailkatu zen, 21.35,01. Sailkapen orokorrean, berriz, hirugarren mantentzen da.