Artetxe anaiak, Santa Ana pala txapelketako garaile

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 26a, 20:42

Gaur arratsaldean jokatu da Santa Ana pala txapelketako finala. Artetxe anaiak eta Arteaga lehengusuak aritu dira nor baino nor, eta lehen bikotea izan da garaile. Aurretik joan dira partida hasieratik. Txapelketako hirugarren eta laugarren postuak ere jokatu dituzte finaleko partidaren aurretik. Jagoba Mendizabal eta Luken Carbayedarentzat izan da hirugarren postua, eta, laugarrenean aldiz, Iñaki Castro eta Eneko Mendizabal sailkatu dira. Gozatu ederra hartu dute Loidibarren pilotalekura gerturatu diren zaleek

17:30ean hasi da lehen neurketa. Ordurako beroketa lanak egiten ari ziren jokalariak. Jagoba Mendizabal eta Luken Carbayeda gerriko urdinarekin, eta Iñaki Castro eta Eneko Mendizabal gorri kolorekoarekin. Sailkapeneko hirugarren eta laugarren postuak zehazteko neurtu dituzte  indarrak.

Urdinek egin dituzte lehen bost puntuak jarraian, eta 5 eta 1ekoarekin ireki dute markagailua gero gorriek. Tantoak ginez, 7 eta 7ko berdinketara iritsi dira, baina hortik aurrera, urdinak joan dira puntuak gehitzen,  25 eta 16ra iritsi diren arte. Bost punturen faltan, ez dute amore eman Castro eta Mendizabalek, baina ezinezkoa izan da. 30 eta 19 amaitu da lehen norgehiagoka. Horrela, Mendizabal eta Carbayedarentzat izan da hirugarren postua eta Castro eta Mendizabalentzat, berriz, laugarrena. Ordubete eskas iraun du lehiaketak.

Ondoren finala

Lehen saioa amaituta jokatu dute finala. Jon Pello Artetxe eta Iker Artetxe anaiak aritu dira gorri kolorez, eta Gari Arteaga eta Xabier Arteaga lehengusuak aurkari, urdinez. 

Artetxetarrak izan dira nagusi hasieratik. Markagailuan 7 eta 6 zihoazela hartu dute aurrea anaiek. Zortzi tanto egin dituzte jarraian, 15 eta 6 gailenduta. Urdinen tanto batzuk eta pilota aldaketa pare bat tarteko, gorriek berriz ere tanto sorta bat egin dute jarraian (zazpi) eta gora egin dute markagailuan berriz ere: 26-10. Urdinek tanto bat egin dute gero, baina hortik aurrerakoak, gorriei geratzen zitzaizkien lauak bata bestearen atzetik etorri dira. 30-11 amaitu da partida, gorrien alde. Gauzak horrela, Artetxe anaiak izan dira 39. Santa Ana pala txapelketako garaileak. 

Norgehiagokak amaituta, sariak jaso dituzte aurtengo txapelketako parte hartzaile guztiek; udal ordezkariek eman dizkiete garaikurrak, eta talde argazkia aterata amaitu da egitasmoa.