Parodiaren aurretik, desfilea

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 26a, 20:15

Oholtzara igo aurretik, motorrak berotu eta zuzenean antzeztu aurreko urduritasunak gorputzetik botatzeko, Santa Anako parodiako aktoreek desfile koloretsua egin dute erdigunean barrena. Jalgi kafe antzokitik atera eta Kale Nagusia zeharkatu dute. Herritarren harrera beroa jaso dute, kamioi gainean zihoazen suhiltzaile bihurriek ikus-entzuleak goitik behera busti baino lehen. Antzezlana hasi baino lehen aintzatespena jasoko duen Dinbi Banda batukada taldeko zenbait kide ere animatu dira kaleak zeharkatzera.

Ez da izan argi eta ozen iragarri ez dugulako. Santa Anako parodian parte hartuko duten aktoreak Hipodromo etorbidetik Tajamar biribilgunerantz zihoazela, herritar bat taldearengana hurbildu eta galdetu die ea zertan ari ziren, ezkondu aurreko despedida bat ote zen. Emanaldia 20:30ean hastekoa bada ere, parodian kontatzeko modukoak direnak bizitzen hasi dira protagonistak. Galderari, noski, umorez eta barrez lehertzen erantzun diote antzezleek, eta galdera egin duena Okendo plazako aulkietako batean esertzera gonbidatu, ikuskizunaz goza dezan. 

Hori bera egingo dute hainbat lasarteoriatarrek. Azken bi urtetako parodiak desberdinak izan dira, aurrez aurreko esketxak eta bideoz grabatuak uztartu dituzte, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Aurten, ohiko egitura berreskuratu du antolatzaile taldeak, eta Okendora ekarri, ohiko tokira. Hainbat hamarkadaz egin bezala, ikasturte honetan Lasarte-Orian gertatutakoak umorez landuko dituzte, eta Josune Jone Prezioandia Oktanogutxik eta Ibertrolas Prezioandia Peromuygalan epaitu. Aurreko alproja guztiak sutara kondenatu ditu epaimahaiak, eta beraz, urduri samar daude biak, aurrekariak ez baitira baikorrak izateko modukoak. Ea zer gertatzen den. Erantzuna, minutu gutxi barru.

Erlazionatuak