Santa Ana eguneko ospakizunak hasi dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 26a, 13:20

Gaur, uztailaren 26a, Santa Ana eguna dugu. Gure herriko usaioari jarraikiz jarduera ezberdinak antolatu ditu egunean zehar Ttakun Kultur Elkarteak Udalaren laguntzaz. Goizean meza, luntxa eta Santa Ana karkaban dantza izan dira

Eguerdiko hamabiak jotzearekin batera Erketz EDTko dantzariak agurra dantzatzen hasi dira Santa Ana karkaba aurrean. Ez zeuden bakarrik, herritar eta udal ordezkariak izan dituzte ikusle. Zer ospatzen zen galdetzen zuen jendea ere izan da inguruetan. Santa Eguna da gaurkoa eta Lasarte-Orian egun berezia izan ohi da. Horregatik hainbat ekitaldi antolatu dira gaur.

Lehena Ama Brigitarren komentuan Felix Garitano eskaini duen meza izan da. Hainbat herritar gerturatu dira zapi gorria lepoan, baita udal ordezkariak ere.  Komentuko monjek ederki girotu dute elizkizuna euren abestiekin eta Erketz EDTko kideak ere izan dira bertan agurra dantzatu eta ateratzerakoan, arkuak jartzen.

Mezatik atera eta San Pedro elizako aterpean hamaiketako gozoa zuten guztiek zain. Txorizoa, gazta, irasagarra, patataik, ardoa, sagardoa... zer jan eta edan izan dute guztiek.

Eguerdian aipatu legez, Erketz EDTko kideak Santa Ana karkaba aurrean egin dute dantza. Agurra, fandangoa eta arin-arina. Ederki mugitu dituzte gorputzak.

Parodia Okendon

Ospakizunek arratsaldean jarraituko dute eta Okendo plaza izango da bilgunea. Aurten ordutegi aldaketa izan da eta parodia lehenago hasiko denez, 18:30ean hasiko da antzezleen desfilea. Parte-hartzaileak herriko kaleetatik barrena aterako dira herritarrei Okendo plazara joateko deia eginez. 20:30ean hasiko da eguneko ekitaldi nagusia, Santa Eguneko parodia. Urte honetan herrian gertatu direnak umoretik plazaratuko dituzte aktoreek epaiketa modura eta akusatuak sutan erreko dituzten ala ez erabakiko dute.

Bestetik, Udalak antolatutako Santa Ana Pala Txapelketako azken partidak ere jokatuko dira 17:30etik aurrera Loidibarren pilotalekuan. Lehenik hirugarren eta laugarren postua egongo da jokoan. Jarraian finala izango da.

 

 

Erlazionatuak

Erketz EDT Santa Ana Karkaba aurrean dantzan

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 26 Gizartea