Eskulangileen erakusleiho eta saltoki bihurtu dituzte Okendo eta Mercero plazak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 24a, 16:23

Santa Ana Egunaren harira, 37. Artisautza Azoka tradizionala egiten ari dira. Hamahiru janari postu daude Mercero plazan eta artisautzako hemezortzi Okendon. Horrez gain, haurrentzako tailerrak ere aurrera eramaten ari dira egun osoan zehar. 20:00ak arte aukera dute lasarteoriatarrek erakusmahaietan dutena ikusi eta erosteko.

Asteartean ospatuko da Santa Ana Eguna, eta ohi bezala, azoka berezia antolatu dute data horren harira. Eguraldi ona lagun, ez dira gutxi izan eguerdi partean artisauek eskaintzeko dutena ikustera bertaratu direnak. Askok, gainera, batetik bestera kuxkuxean ibiltzeaz gain, erosi ere egin dute.

Non aukeratu bada, zalantzarik gabe. Mercero plazan dauden jatekoen artean, gozozaleak zorionekoak dira: madalenak, erroskillak, askotariko pastelak, eztia... Baina, horiez gain, bestelakoak ere badaude, noski. Gazta, kontserbak, hestebeteak, belarrak... Aurten, gainera, Loiuko talogileek prestatutako taloak jateko aukera era bada. Okendoko postuetan ere antzera.  Eskulangileek egindako bitxiak, larruzko poltsak, arropa, landareak... Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorritako artisauek beren produktuekin beteta dituzte erakusmahaiak. 

Udaletxeko arkupean, aldiz, Lasarte-Oriako parpailagileak, Zentro Zibikoko eskulanen taldea, Lasarte-Oriako zurezko taila eta Altuna maketak egindako lanak ikusi eta erosteko aukera dago. Ehoziri lanetan iaio eta fin dabil ohi bezala emakume talde bat eta zurgileek egurra nola lantzen duten erakusten ari dira. Etxekoez gain, zabalguneko postuetan ere ikus daiteke artisauen lana. Ruecamundoko irulearen postuan, galtzerdiak eta bestelako artile produktuak erosteaz gain, gorua erabilita haria nola iruten den ikus daiteke, Javier Diaz Pintorek zura zizelkatzeko aukera emango die, eta Xabier Iturrioz zapatariak, berriz, bere ofizioaren berri.

Bestalde, haurrek landareak nola landatu eta zaindu behar dituzten ikasteko aukera izan dute. Baita sukaldaritza kontuetan aritzekoa ere. Hiru errezeta eman dizkiete aukeran, eta gehienek, txokolate zatiak dituzten gailetak egitea (eta jatea) aukeratu dute.