2018tik urtero egin bezala, Sarek bizikleta itzulia egin du uztaila amaieran. Etxera bidea gertu lelopean egindako ekintzan, pedalkadaz pedalkada hedatu dute salbuespeneko espetxe-politikaren amaiera eskatzeko aldarria Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Etxarritik irten eta Durangora iritsi zen ostiralean, handik Azpeitira joan ziren larunbatean, eta Gipuzkoan barrena egin du goizean Donostiara bidea.
Hogei bat lasarteoriatarrek bat egin dute ekintzarekin. 11:00etan elkartu dira Artizar taberna aurrean, elkargune zuten Okendo plazan azoka baitago. Atzo Baionan izan ziren hamabost bat lagun, espetxean 32 urte daramatzaten Jakes Esnal eta Ion Parot aska ditzaten eskatzeko Ipar Euskal Herria blokeatzeko egindako mobilizazioan parte hartu zuten eta han gertatutakoen berri eman die Joxe Mari Agirretxek. Jarraian, ibilbideari buruzko azalpen batzuk eman, eta datozen hilabeteetarako prestatu dituzten jarduerak ere gogorarazi dizkie. Donostiako Aste Nagusiaren barruan, abuztuaren 20an, larunbata, egingo duten manifestazioa eta Izan Bidea dinamikaren amaiera izango den urriaren 8ko mobilizazioa.
Horiek esanda, talde argazkia atera eta Sagardotegi kaletik irten dira Hipodromo hiribidera. Hiriburura bidean, eskualdeko beste txirrindulari batzuk batu zaizkie.