Nahia Zudaire: "Helburu nagusiena Manchesterreko Munduko Txapelketa izango da"

Nerea Eizagirre 2022ko uzt. 22a, 14:15
Nahia Zudaire, Madeirako Munduko txapelektan lehian. Arg.: Espainiako Paralinpiar Komitea.

2021-2022 denboraldia "zaila" eta "motza" izan da Nahia Zudaire (Zubieta, 2004) igerilariarentzat. Ekain erdialdean Madeiran, Portugalen lehiatu zen Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketan hiru brontzezko domina eta laugarren postu bat lortu zituen. Harekin egon gara solasean

Zer moduzko denboraldia izan da aurtengoa?

Denboraldi motza izan dugu. Paralinpiar jokoak amaitu eta gero, hasi ginen lanean urri aldera eta uztail hasieran amaitu dut. Lau urte daramatzat abuztuan lehiatzen eta uztail hasieran amaitzea ez dator gaizki. 

Alabaina, urtebetean egin ohi diren lehiaketak, aurten bederatzi hilabetetan antolatu dira. Nazioarteko hitzordu pila eta aldapa gora asko ere izan ditut.

Denboraldi hasieran, maila aldaketa izan zenuen, esate baterako.

Bai, hori izan da gorabeheretako bat. Gogorra izan zen.

Igeriketa egokituan maila ezberdinak daude, ni S8an nago. Baina nire elbarritasunarengatik maila horretako mugan nago.  Bi urtero nazioarteko maila zehazteko proba bat egin behar dut. 

Otsailean, aurrekoetan baino aztertzaile zorrotzagoak izan nituen eta mailaz igo ninduten. Ni baina elbarritasun gutxiago duen jendearekin lehiatu behar nintzen. Nituen gutxienekoek ez zuten balio eta ezin nintzen lehiaketetara aurkeztu, ezta Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketara ere. Helegitea jarri genuen, eta irabazi genuenez, apirilean ohiko mailara itzuli nintzen.

Igerilariaren bizitza ez da erraza. Entrenamenduak, lehiaketak, asteburuetan ez ateratzea... Ikasketak ere izan dira beste buruhauste bat. 2. Batxilergoa egin dut eta entrenamendu eta ikasketak bateratzea zaila egin zait. Baina gainditu dut eta pozik nago.

Ekain erdialdean munduko txapelketa lehiatu zenuen eta hiru brontzezko domina eskuratu zenituen. Espero al zenuen?

Ez nuen espero. Lortutako hiru dominetatik bi errelebo probetan izan ziren. Eta horietan taldekideen egoerak ere asko baldintzatzen du lehia; talde lana da. 

Errelebo mistoak aurten gehitutako probak izan dira. Bagenekien lehen postuetan egon ahal ginela, batez ere, 4x50 m. 20 puntu estilo proban. 4x100 m. proban, berriz, Amerikako Estatu Batuak edo Bretainia Handiko kirolari kopurua ikusita zailago ikusten genuen, konbinazio posible gehiago baitzituzten.

Banakako lehian, berriz, banekien ongi eginez gero, postu horietan izango nintzela. 


Espainiako errekorra egin zenuen, gainera, 100 m. libre proban. Aurten, ordea, ez da hain oparoa izan markei dagokionez, ezta? 

Aurreko denboraldia luzea izan zenez eta urrian hasi ginenez lanean, otsailean ez nengoen azkar igeri egiteko prest. Kosta zait erritmoa hartzea; munduko txapelketara, ordea, ongi iritsi nintzen fisikoki.

Aipatu bezala denboraldi zaila izan da eta emaitza batzuk lortzea ere zaila izan da.

Ohiko txapelketez gain, sortu berri den AXA Ligan ere lehiatu zara. Zer moduzko izan da esperientzia?

Proposamen polita iruditzen zait. Paralinpiar kirolak oraindik bidea du egiteko. Horrelako lehiaketekin ikusgarritasuna ematen zaio. Horrelako ekimenak bultzatzea garrantzitsua iruditzen zait.

Bi probatara joan naiz eta helburua ez da garaipena izan. Nire prestaketaren barruan entrenamendu askoko garaian izan dira gainera eta ez ditut bereziki prestatu. Hala ere, gustura lehiatu ditut.

Oraindik hiru proba geratzen dira. Madril uztailan; baina ezin izango naiz joan oporretan nagoelako. Eta gero Cadiz eta Oviedo daude. Espero joan ahal izatea. Ea hurrengo denboraldia nolakoa den.

Horrez gain, maila absolutuko txapelketetan bakarrik parte hartu ahalko duzu irailetik aurrera...

Berez, maila absolutua dago bakarrik igeriketa egokituan. Baina badaude txapelketa batzuk nazioartean zein Espainian zure adinaren arabera lehiatzeko aukera ematen dizutenak. Nazioarteko txapelketa horiek ongi datoz, esperientzia hartzeko. Eta Espainiakoaren kasuan, AXA txapelketa dago. Polita izan ohi da txikiekin egon eta lehiatu ahal izateagatik. Pena ematen du ez dudalako berriro hori egin ahalko. Baina orain etapa berrian sartzen naiz.

Sari eta domina asko bildu dituzu denboraldian; horietako bat izan da Ostadarrek emandako kirolari onena saria. Zer sentitu zenuen?

Polita izan zen. Lasarte-Orian izan zen, nire kuadrillako lagunak eta ingurukoekin... Polita izan zen beste erakunde eta kirol elkarte batzuk zure lana eta emaitzak txalotzen dituztela ikustea.

Nahiz eta oporretan egon, hurrengo denboraldian pentsatzen hasi al zara dagoeneko? 

Helburu nagusiena Manchesterreko Munduko Txapelketa izango da, uztail bukaeran. Bertan Pariseko Paralinpiar Jokoetako plaza kopurua banatuko da. Beraz, bertan lan ona egiteko eta plazak lortzeko borrokatuko gara.