Herriko igerilariak ederki ari dira lanean Espainiako Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 22a, 11:00
Garazi Etxeberria, Espainiako txapelketako igerilekuan. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Absolutu eta Junior Mailako Espainiako txapelketa lehian da, Sabadelleko Can Llong igerilekuan. Espainiako igerilari hoberenak batu dira hilaren 20tik 24ra Kataluniako herrian, eta bertan hiru herritar ditugu parte hartzen. Bidasoa XXI taldeko Leire eta Ainhoa Martin ahizpek absolutu mailako probetan egingo dute igeri; Buruntzaldea IKTko Garazi Etxeberriak, berriz, junior mailan. Lehiaketako bi egun igaro dira eta Martin ahizpek A zein B finaletan egin dute igeri; Ainhoak gainera  zilarrezko domina jnatzi du 400 m. lau estilo proban

Hilaren 20an, txapelketako lehen jardunaldian eman zioten hasiera Leire eta Ainhoa Martin ahizpek lehiari.

Ainhoa izan zen lehena igerilekura jauzi egiten, 50 m. bular probako sailkatze saioan. Bertan B finalerako marka egin zuen (33,84). Finalean, berriz, marka hori ondu zuen, 33,17.

Leirek ere bizkar estiloko 50 m. probako B finalerako txartela eskuratu zuen 30,28 markarekin, eta finalean 30,06 egin zuen.

Bigarren jardunaldian, berriz, hiru herritarrak izan ziren igerilekuan.

Garazi Etxeberriak 50 m. libreko sailkatze probarekin hasi zuen junior txapelketa. Bere marka onenetik urrun geratu zen (28,43) eta ezin izan zen bere adineko finalerako sailkatu. Hala ere, pozik agertu da igerilaria proban egindako lanarekin.

Leire eta Ainhoa Martin 400 m. estilo probako A finalerako sailkatu ziren hirugarren (04.56,11) eta laugarren denbora (04.56,39) onenak eginez, hurrenez hurren.  

Finalean lehia handia izan zen Ainhoa eta Barcelona taldeko Jimena Perezen artean. Luze bakoitzean lehiaketa burua batetik bestera igarotzen zen eta azken 50 metroetan Perezek (04.47,85) ihes egin zion Ainhoari. Beraz, bigarren postua eskuratu zuen herritarrak (04.50,25); Leire, berriz, seigarren izan zen (04.57,73).

Leirek gainera goizeko jardunaldian bizkar estiloko 100 metroko lasterketa lehiatu zuen. Sailkatze saioan 01.05,85 marka egin zuen eta ez zuen finalera sailkatzerik izan.

Hurrengo probak

Baina final hori ez da bakarra izango ziurrenik. Oraindik hiru egun geratzen zaizkie herritarrei euren onena erakusteko. 

Ainhoa Martinek, esate baterako, egunero proba bat izango du. Gaur, bertan, hilaren 22an, 100 m. bularrekoa jokatuko du; 23an, bular estiloko 200 metrokoa eta azken egunean, 200 m. lau estilokoa.

Azken proba horretan, bere ahizparekin egingo du bat Leire Martinek. Eta hilaren 23an, bizkar mailako 200 m. lasterketa lehiatuko du.
Bestalde, Garazi Etxeberriak bihar, izango du bigarren proba junior mailako lehian, estilo libreko 100 m. lasterketa.