Raul Ramos herritarrak postu onak lortu zituen Udako denboraldiako zortzigarren jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 21a, 13:00
Raul Ramos (urdinez) eta Kennocha, sari nagusiko helmugara iristen. Arg.: Txema Valles.

Udako denboraldia aurrera doa Donostiako Hipodromoan. Hilaren 16an, zortzigarren jardunaldia jokatu zen. Horretan Raul Ramos herritarra izan zen protagonistetako bat. Laugarren lasterketan bigarren postuan sailkatu zen herriko jockeya Lady McQueen behorra gidatuz eta Groupe Carrus Sari Nagusiko azken metroetan lehia bizian izan zen Kennocha behorrarekin

Lehen lasterketan Borja  Fayosek gidatutako Papyrus Roadek irabaziko zuela zirudien arren,  atzetik etorritako Queen of Gloryk eta bere gidari Cristina Perezek eraman zuten European Breeders' Fund saria. Ez zen Perezek lortuko zuen sari bakarra izango.

El Molino del Lobo sarian ez zen lehiarik izan. Jaime Gelabertek gidatutako Te Koop izan zen hasieratik nagusi eta bakarrik igaro zuen helmuga.

Digitalak saria, berriz, azken metroetan erabaki zen. Goyesca behorrak eta Cristina Perez gailendu ziren. Leader's Legacy eta Julia Zambudio izan ziren bigarren postuan.

Laugarren proban, aipatu legez, Lady McQueen behorra gidatuz atzetik iritsita lortu zuen bigarren postua Ramos herritarrak.  Aurretik, ordea, lasterketa hasieratik buru izan ziren Pantxineta eta Vaclav Janacek helmugaratu ziren; Garda Seguridad saria irabazi zuten.

Jardunaldiko sari nagusian ere bukaera ikusgarria izan zen; protagonistetako bat Ramos bera izan zen. Azken metroetan hiru behor izan ziren garaipenarengatik lehian eta Groupe Carrus saria Vaclav Janacekek eskuratu zuen oraingoan ere Navia gidatuz. 

Hitzordu garrantzitsuak

Hilaren 24an, aukera berria izango dute zaldi lasterketen zaletuek lehiaz gozatzeko.

Arratsaldeko 17:30etik aurrera, Biarritzeko Hipodromoa, Gautena, Insalus, Noticias de Gipuzkoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Piztu Kultura saria lehiatuko dira.

Aurki gainera denboraldiko hitzordu garrantzitsuenak iritsiko dira. Abuztuan Maria Cristina Hotela hilaren 7an; Urrezko Kopa abuztuaren 15ean, astelehenarekin, eta Eusko Jaurlaritza Saria abuztuaren 21ean. Irailaren 9an, ostiralarekin, berriz, Donostiako Sari Nagusiak emango dio  amaiera denboraldiari.