Herriko arraunlariek Euskotren Ligan kale eta ETEn bale egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 20a, 10:00
Aiorea Belartieta, Zierbenan aurreko postuan ziaboga egiteko prest. Arg.: Euskotren / A. Arrizabalaga

Euskotren eta Emakumeen Traineru Elkarteko (ETE) ligako jardunaldiak lehiatu dira asteburuan.  Aiora Belartieta kide duen Donostia Arraun Lagunak-ek Orioan eta Zierbenan izan zuen hitzordua; bietan Orio Orialkiren atzetik sailkatu zen Lugañene ontzia eta sailkapen orokorreko bigarren postuan da Ligan. Pedreñara egin zuten bidaia ETE Ligako ontziek. Intza Fernandez herritarrak eta Hondarribiako eskifaiak bandera eta sailkepeneko lehen postua eskuratu zuten

Atsedenaldiko asteburura iritsi da Euskotren Liga. Sei jardunaldi lehiatu dituzte eta azken bi saioetan Orio Orialki izan da nagusi. Ondorioz, aurre hartu du sailkapenean (22 puntu) eta Aiora Belartieta herritarra kide duen Donostia Arraun Lagunak bigarren postuan da (20 puntu).

Hilaren 16an, etxeko bandera jaso zuten mirotzek. Orioko XXII. Emakumezkoen Estropada - Orio Kanpina X. bandera lehiatu zuten ligako lau traineruek. 

Oriotarrak hasieratik estropadako buru jarri ziren eta lehen luzean ihesi egin zion Donostia Arraun Lagunak ontziari. Ziabogan zazpi segundo zeuden bi ontzien artean. 

Bigarren luzean ere errenta areagotu zuen Orio Orialkik eta 11.00,32 egin zuen helmugan; Lugañenek berriz  hamar segundo gehiago behar izan zituen.
Garaipenaz gain, Ligako sailkapeneko lehen postua eskuratu zuen San Nikolas ontziak.

Zierbenan izan zen bigarren hitzordua, II. Edinor bandera eta asteburuko lehen saioaren antzera, oriotarrek eraman zuten saria.

Argi berdearekin bat aurreratu zen Orio. Lehen luzean bizpahiru segundoko tartea mantendu zuen Aiora Belartieta kide duen eskifaiarekiko. Ziabogaren ostean, berriz, errenta handitu zuten mirotzek bost segundora eta hori mantendu zuten helmugaraino. 

Donostia Arraun Lagunak-ek espero ez zuen lehia izan zuen gainera. Azken metroetan erritmoa estutu behar izan zuen, Nortindal Donostiarra Ur Kirolak 100 azkar gerturatzen ari zen eta. Donostiako bi ontzien artean, bi segundoko artea izan zen Lugañeneren alde.

Liga aste betez etengo da.Taldeek indarrak hartu eta ostean, txapelketako gainerako zortzi jardunaldiei aurre egin beharko diete. 

Oraindik ez dago ezer erabakia, astebururo lehia izango baita. Abuztuaren 20an eta 21ean Zarauzko Ikurriñeko bi jardunaldiekin emango diote amaiera Ligari eta orduan ikusiko da Ligako garaikurra nork altxatzen duen. 

Pedreñan garaile 

Kantabriako uretan, berriz, nagusi izan zen Hondarribia Bertako igogailuak trainerua Marina De Cudeyo Dynasol Sari nagusia emakumezkoen II. banderan. Intza Fernandez herritarra eskifaia kide duen Ama Guadalupeko ontziak, gainera, ETE Ligako sailkapeneko lehen postua eskuratu du garaipenari esker.

Hondarribia Bertako Igogailuak, Pedreñan lortutako banderarekin. Arg.: Hondarribia Arraun Elkartea.

Erlojupeko formatuan jokatu zen estropada. Ama Guadalupeko eta Hibaikaren arteko lehia espero bazen ere, Deustok ezustekoa eman zuen eta bigarren postua lortu zuen.

Nahiz eta estropada eremuan haize handia egon, Hondarribiak ederki egin zuen arraun eta denbora onena lortu zuen ibilbide osoan zehar. Ziabogan sei segundotan ondu zuen bilbotarrek egindako marka (06.23). Helmugara arte, gainera, errenta handitu zuen Ama Guadalupekoak (11.32,96); Deustok (11.40,07) egin zuen.

Era honetara, Ligako laugarren garaipena eskuratu du Hondarribia Bertako Igogailuak.

Eta Euskotrenek ez bezala, ETEko ontziek ez dute atsedenik izango, hilaren 23an, Errenteriako Hiria Emakumeen Traineru Elkarteko Liga IV. Ikurriña jokatuko dute, Errenterian.

Pasaian lehia
Bestalde, aurreko zenbakiko agendan Kantabrikoko Arraun Elkarteko (KAE) 2 mailako lehia zegoela iragarri bagenuen ere.  Okerreko informazioa eskaini genuen; KAE1eko jardunaldiak ziren eta bigarren mailako ontziek atsedena izan zuten.

Gaizka Ormazabal herritarra kide duen Hibaikak hilaren 23an izango du hurrengo hitzordua Trintxerpen. Pasaiako XXXVII Bandera lehiatuko dute.
KAE2 ligan, hirugarren postuan da Errenteriako ontzia eta aurreko jardunaldietan bezala, lehen hiru postuetan egoteko lehiatuko da.