Beroari aurre eginez lasterka izan dira herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 19a, 11:15
Gorka Gil (ezker) eta Raul Gomez Margallo (eskuin) Trintxerpeko probako podiumean. Arg.: Javier Zatarain.

Beroari aurre eginez, Lasarte-Oriako lasterkariak errepidean zein mendian lehiatu dira hilaren 16an eta 17an. Lehen postuetan izan ziren horietako batzuk

Hilaren 17an, esate baterako, Trintxerpeko Karmenetako 5 kilometroko lasterketan podiumeko lehen bi postuetan izan ziren Raul Gomez Margallo eta Gorka Gil herritarrak. 

Ehun bat korrikalari izan ziren Trintxerpeko auzoan antolatu ohi den kros herrikoiko irteeran. Hasieratik izan zen nagusi Gomez Margallo lasarteoriatarra eta bere erritmoa jarraitzeko gai izan zen bakarra bere lagun Gorka Gil izan zen. Azken kilometroan, ordea, erritmoa azkartu eta aldea lortu zuen Gomez

Margallok helmugan. 15.35ean egin zituen bost kilometroak; Gilek, berriz, 15.56.

Azken horrek gainera bigarren postua mantentzeko ahalegina egin behar izan zuen, atzetik podiuma osatuko zuen Andoni Saldias anoetarra baitzetorren ziztu bizian, 16.00.

Ez ziren proban parte hartu zuten herritar bakarrak izan. Roberto Pera (19.11), Ander Gartziandia (23.22) eta Veronica Sanchez (26.58) herritarrek ere helmuga zeharkatu zuten.

Mendian ere bikain

Pola de Somiedo, Asturiasen hilaren 16an antolatu zen Somiedo erronkan ere izan zen herrik ordezkaririk. Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) Borja Granadok hamabigarren postuan amaitu zuen proba eta senior mailako zortzigarren ere izan zen. 

Ultra Trail proban 86 kilometroko ibilbidea egin behar zuten arren, eguraldiaren iragarpenak medio, 65 kilometrora murriztu zuten antolatzaileek

Somiedoko parke naturaleko mendietan barrena egiten den proba. Herritarrak 09.02.49 behar izan zituen helmugara iristeko.

LOTMEko kideak proba ezberdinetako helmugara iristean. Arg.: Borja Granado /LOTME

Distantzia txikiagoari egin zioten aurre LOTMEko Jon Palet, Aitor Moreno eta Ainara Blanco, Lleidan. Vielha - Molières 3010 traileko Montpius Skyrace proban 24 kilometroko bidea egin zuten herriko kirol taldeko kideek. Paletek 03.30.08 egin zuen helmugan, Morenok eta Blancok, aldiz, batera igaro zuten azken marra, 05.11.14. 

Egun horretan bertan, Bizkaiko Kortezubi herrian, XV. Mendi martxa antolatu zen eta LOTMEko Iñaki Letamendik 23 kilometrotako bidea luzea egin zuen.