Aurtengo aurrekontuak onartu ditu udal korporazioak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 15a, 09:00

Herriko jaiak hasi bezperan egin zuen udal korporazioak aurtengo aurrekontuak onartzeko ezohiko bilkura. Ia bi orduz eztabaidatu eta alderdien emendakinak aztertu ostean, onartu egin zuten egitasmoa, udal gobernu sozialistaren aldeko bozkekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin. Aurkeztutakoarekin ados ez, eta aurka azaldu ziren EH Bildu eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos.

"COVID-19aren pandemiak, Ukrainako gerrak eta iaz aurkeztu genuen hiru urterako inbertsio planak baldintzatu dute aurtengo aurrekontua", azaldu zuen Agustin Valdivia alkateak. "Batetik, aurrera eraman beharreko lanak diruz finantzatzeko, udalaren lursail eta higiezin batzuk besterendu ditugu, eta bestetik, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak mantendu eta garatzeko baliabideak bideratu". Pandemiak eragindako inflazioak (%3,1ekoa 2021ean) eta eraikuntzako materialaren zein garraio kostuen igoerak udal kudeaketa "zaildu" egin duela azaldu zuen alkateak: "Atsobakarren eta Michelinen egin nahi ditugun inbertsioak 5 milioi euro baino gehiago garestitu dira". 

Hori guztia esanda, zenbait diru partida nabarmendu zituen. Egoera zaurgarrian dauden pertsonen atalean, zehaztu zuen  226.613 euro bideratuko direla larrialdi sozialeko laguntzetara.  Sozioekonomiari dagokionez, gogoratu zuen Beterri-Buruntza mankomunitatea sartu dela indarrean eskualdean enplegua sustatzeko, eta udalak tokiko merkataritza babesten jarraituko duela, zenbait laguntza lerroren bidez: 100.000 euro herriko dendetan kontsumitzeko, bonuen bitartez; 40.000 euro negozio berriak ireki eta ekintzaileei laguntzeko; eta 18.150 euro tokiko lanbideak bultzatzeko plana egiteko, besteak beste.

Inbertsio esanguratsuenak

Aurrekontuaren zati handiena herriko ekipamenduetan udalak egin nahi dituen lanek hartzen dute. Hala, kirol instalazioei dagokienez, 3.942.565 euro bideratuko ditu kiroldegi berria egitera, 2.038.890 euro Atsobakar auzoko kirol gunera eta 465.000 euro skate eta parkour pistara. Egitasmoan jaso ditu, halaber, zenbait auzotako obrak, Erriberako etxabeen eraistea (4.119.556 euro) eta Zabaletako igogailua eraikitzea kasu (2.247.600 euro). Horrez gain, Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegia eraberritu nahi du: 905.000 euroren truke, herriko eragileentzako espazioa handitu eta eraikina klimatizatzeko sistema bat jarri nahi du.

Hitzartzea amaitu aurretik, Valdiviak eskerrak eman zizkion EAJ-PNVri aurrekontuak onartzeko erraztasunak eman izanagatik, eta aho zapore "garratza" geratu zaiola adierazi, EH Bilduk eta ELOPek aurka bozkatu dutelako. "Udal gobernuko kideok uste dugu hauek direla beharrezko eta uneotan posible diren aurrekontuak, herriak dituen behar guztiei erantzuteko".

Gainerako alderdien azalpenak 

Udal gobernuaren proposamenak zortzi aldeko bozka, sei aurkako eta hiru abstentzio jaso zituen, eta onartuta geratu zen. Ostean, bakoitzak bere erabakiaren arrazoien berri eman zuen.

"Udalak egin asmo dituen inbertsioen kostuak asko igo dira, eta ez gaude ados horiek finantzatzeko moduarekin", adierazi duen ELOP alderdiko bozeramaile David Aresek. "Iaz, inbertsio plana aurkeztu zuenean udal gobernuak, abisua eman genuen, arazoak ekar zitzakeela, eta ikusi dugu hala izaten ari dela; gure iritziz, planak askoz ere zuhurragoa izan behar zuen". Horrez gain, atsekabez hartu du udal gobernuak 500.000 euroko partida kendu izana, azken urteetan aurrekontu parte hartzaileetara bideratu izan dena. "Hori zen lasarteoriatarrei ahotsa emateko tresna". 

EAJ-PNVk abstentziora jo izanaren zergatiak aletu zituen ondoren Jon Antxordokik. "Aurtengo aurrekontuek ez dakarte berrikuntzarik, eta udal gobernua ez da gai izan 2021ekoak behar bezala kudeatzeko, izan ere, inbertsioen %10 besterik ez du  gauzatu, eta horrek Lasarte-Oria geldiarazten du". Alderdi jeltzalea "arduratuta" dago, proiektuak aurrera eramateko lau hilabete besterik ez dituztelako izango udal langileek. "Egitasmo bat ekain amaieran aurkeztea udal gobernuaren lidergo politiko faltaren seinale da; atzerapen horrek tentsioa areagotuko du aurrekontuaren aplikazioan". Abstentziora jota EAJ-PNVk ahalbidetu egin du udal gobernuaren proposamena onartua izatea, baina Antxordokik ohartarazi du "konpromisoak" eskatuko dizkiotela jeltzaleek udal gobernuari. "Ezin du ziurgabetasunaren eta lehengaien garestitzearen atzean ezkutatu, bera baita egitasmoak lehenago abian jarri ez izanaren erantzule".

Azkenik, EH Bilduren jarrera esplikatu zuen Jon Martinek, eta salatu udal gobernuaren aurrekontuek ez dietela herritarren behar eta etorkizuneko erronkei "behar bezala" erantzuten. "Agintean daudenen noraeza, anbizio falta eta ikuspegi estrategiko baten gabezia islatzen dituzte; proiektu agortu baten zenbakiak dira, udal gobernuaren kudeaketa txarraren argazki adierazgarriena". Hori adierazi eta gero, zenbait atal hartu zituen hizpide Martinek, hala nola, egoera zaurgarrian dauden pertsonena, etxebizitzena, berdintasunarena edo tokiko merkataritzarena. Laguntzak murriztea eta plan estrategikoak ez izatea leporatu zion udal gobernuari.