Hil honetakoarekin amaitu dira ikasturteko udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 18a, 16:21

Argazkia: Txema Valles

Uztaileko ohiko udalbatzarra egin dute udal ordezkariek. Ohi bezala, hilabeteko bigarren ostegunean batu dira mahaigaineratutako gaiak eztabaidatzeko

2022ko ekainaren 9an eta 27an egindako bilkuren akten onarpena eginez hasi dute hilabete honetako saioa, eta gai ordenako bigarren puntuari eutsi diote jarraian. EH Bildu, EAJ-PNV eta ELOP alderdiek elkarrekin aurkeztutako aitorpen bat ekarri dute bilkurara. Ekainaren 25ean Melillan gertatutakoak mahaiganeratu dituzte. Azaldu dute Espainiako hegoaldeko mugen historiako "hondamendi humanitario larrienetako bat" bizi izan zela bertan, eta gogorarazi, gutxienez 37 hildako eta dozenaka zauritu eragin zituela gertaera hark. Hala, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen adierazpenak "onartezinak" direla, gertatutakoa babesten dutela iritzita. Horrela, honako zortzi puntu hauek adostu dituzte adierazpen bateratuan:

  1. Gure atsekabea eta salaketa irmoa adierazten dugu joan den ekainaren 25ean Melillako mugan gertatutakoengatik, eta elkartasun osoa adierazten diegu poliziaren jardun basatiaren ondorioz hildako edo zauritutako Saharaz hegoaldeko pertsonen familiei. 
  2. Ikerketa berehalakoa eta independientea eskatzen dugu, gertakariak argitzeko, erantzukizunak garbitu eta biktimen erreparaziorako neurriak ezartzeko. 
  3. Hildakoen gorpuak berreskuratzea, identifikatzea eta jatorrizko herrialdeetara aberriratzea eskatzen dugu, familien nahiak errespetatuz. 
  4. Adierazi nahi dugu, halaber, erabat gaitzesten ditugula migrazioaren eta asiloaren arloan Europak eta Espainiak gaur egun dituzten politikak, mugak, militarizatzeari eta kanpora ateratzeari buruzkoak.
  5. Eskatzen dugu legezko bide seguruak ezartzea, migratzaile guztien duintasuna eta giza eskubideekiko errespetua bermatzeko.
  6. Gure ustez, Europar Batasunak migrazio politika koherente eta bateratua ezarri behar du, eta asilo eta babes politika giza eskubideen errespetuan oinarritua.
  7. Mugetara iristen diren migratzaileen erantzukizunak eta kudeaketak EBko kideen artean komuna, arduratsua eta solidarioa izan behar duela uste dugu.
  8. Azkenik, agertutako taldeok berretsi egiten dugu giza eskubideetan oinarritutako migrazio politikak bultzatzea, eskuin muturreko ideologiek bultzatutako diskurtso xenofoboen eta praktika autoritarioen aurrean. 

Adierazpena irakurri ostean, bozketa egin dute eta aurrera egin du mozioak (EH Bildu, EAJ eta ELOPek alde bozkatu dute eta PSE-EEk, berriz, aurka).

Bozka azalpena egiteko tartea zabaldu du ondoren Agustin Valdivia alkateak, eta alderdikide David Mateosek hartu du hitza. Aurka bozkatu izanaren zergatiak azakdu ditu. Esan du erakunde bakoitzarekin adeitsuagoa eta egokitasun handiagokoa den mozio alternatiboa aurkeztu duela bere alderdiak. Halaber, atsekabea agertu dute Melillan gertatutakoarekin, eta elkartasuna adierazi die hildako eta zauritutakoen senideei. 

Bigarren mozioa bat

Oposizioko hiru alderdiek bigarren mozio bateratu bat ekarri dute udalbatzarrera; Lasarte-Oriako maiatzeko elikagaien banaketarekin gertatukoen, eta horrek Gizarte Zerbitzuen Sailean sortutako egoerari buruz hitz egin dute. Dirudienez, ekainaren 9ko udalbatzarrean maiatzeko elikagaien banaketa egin gabe geratu zela-eta, horren inguruan galdegin zuten alderdiek, eta saileko buru Lourdes Acevedok emandako erantzunaren harira sortu da nahasmena sail horretan. Hain zuzen ere, hitzartze horren ostean, Gizarte Zerbitzuetako bi administrari laguntzailek mezu elektroniko bana bidali zieten udalbatzarreko alderdi guztiei, Acevedoren adierazpenen aurrean euren jarrera agerraraziz. Egoera horren aurrean, kezka agertu dute hiru alderdiek, eta honako eskakizunak egin dizkiote udal gobernu taldeari: 

  1. Gizarte Zerbitzuetako departamentu burua den Lourdes Acevedo Beldarrain andereak, udalbatzaren aurrean egoera zahurgarrian dauden familien artean egiten den elikagaien banaketan jazotakoaren inguruan beharrezkoak diren azalpenak eman ditzala.
  2. Gizarte Zerbitzuetako administrari laguntzaileek mezu elektroniko bidez azalduriko gertaerak ala badira, sail horretako departamentu burua den Lourdes Acevedo Beldarrain andereak udalbatzarraren aurrean ala onartu dezala. 
  3. Kontuan izanda, Lasarte-Oriako egoera zahurgarrian dauden familiak beharrezkoa duten elikagaien banaketarik ez dutela jaso, Gizarte Zerbitzuetako departamentu buruari eskatu nahi diogu hartu ditzala modu urgentean behar diren ezohiko neurriak departamentuaren kudeaketa akatsaren ondorioak familia hauek pairatu ez ditzaten. 

Hitzartze batzuk tarteko, bozketa egin dute. Aurrera egin du gaiak (Mozioa aurkeztu duten alderdiek alde bozkatu dute, eta PSE-EE, berriz, aurka agertu da)

Galdera eta erreguak egiteko 

Askotariko gaiak ekarri dituzte udalbatzar aretora azken saioan ere. EAJko Jon Antxordoki eta Boris Nogales izan dira hitza hartzen lehenak. 2022. urtetik aurrera erretiro premiak eskatuko dituzten udal langileekin zer egin asmo duen galdegin dio PSE-EEri Antxordokik, eta horrekin batera, kotxeraseko suteaz ere hitz egin du. Jakinarazi du inguru horretan jabetzak dituzten zenbait bizilagun kexu direla azken boladan bizitzen ari diren zenbait egoera direla-eta. Kontatu du, besteak beste lapurretak gertatzen ari direla, eta egoera horren aurrean erantzun bat eskatu dio alderdi sozialistari. Nogalesek, aldiz, igeriketa ikastaroko matrikulazioez galdetu du, eta hainbat kultur eragileren kexak ere mahaigaineatu ditu. Azken horren inguruan azaldu du oraindik, zenbaitek 2021. ikasturteko hitzarmenen %40 ez dutela kobratu eta ordainketa horiek noiz egingo diren jakin nahi izan du.

EH Bilduko Uxue Loinazek hartu die lekukoa gero. Zubietako Arkaitzerrekan egunotan jazotako isuriekiko kezka agertu du, eta alkateari galdetu dio ea gertatutakoaz informatu edo kezka agertu duen. Horrekin batera, oposizioak, bere garaian egindako eskaera bat ere ekarri du mahaigainera. Gizarte Zerbitzuen gaineko saio  monografiko bat eskatu zutela gogorarazi du, eta jakinarazi, gaur-gaurkoz ez dutela erantzunik jaso. 

Saioa osorik ikusi nahi duenak, honako helbidean egin dezake: https://www.youtube.com/watch?v=4dmNZGf9O9c&t=39s