Haritz Hernandez: "Gurasoei eskerrak eman behar dizkiegu guregan jarritako konfiantzarengatik"

Nerea Eizagirre 2022ko uzt. 15a, 13:22
Haritz Hernandez, (ezkerrean) Ostadarren aurkako derbian, kapitain lanetan.

Texas Lasartearran Erregional mailako jokalari izatetik, lehendakaritzara. Hori izan zen duela zortzi bat urte Haritz Hernandez (Lasarte-Oria, 1983) herritarrak egin zuen jauzia. Urte gogorrak izan diren arren, pozarren dago futbol eskola sortu eta egun herriko taldeak oinarri sendoa eta profesionala duelako. Angel Rosa kirol zuzendariari eman dio lekukoa eta taldea esku onetan utzi duela uste du Hernandezek

Nolakoa zen Texas Lasartearraren egoera zuzendaritzan sartzean? 

Texas Lasartearra lehen ahal zen modura kudeatzen zen. Jose Cantos eta Manuel Isasa egon ziren lehendakari lanetan eta lan handia egin zuten. Ni haiekin hasi nintzen lanean. 

Nahiz eta erregional, jubenil eta kadete taldeak martxan izan, klubarekiko konpromisoa handia ez zela konturatu nintzen; gutxi batzuk egiten zuten lan guztia aurrera ateratzeko eta Texas Lasartearra desagertzear zegoela ikusten nuen.

Beraz, jokalari izatetik zuzendaritzako kide izatera igaro zinen eta gerora, lehendakari. 

Bai, horrela da. Erregional taldeko kide nintzen eta taldearengatik lanean hasi nintzen. Pena ematen zidan hainbeste urte eta historia duen entitate bat desagertzea. 

Urte hauetan guztietan, herritar ugari izan da Texaseko jokalari. Kalean topatu eta askok talderen bateko kide izan direla aipatu didate. Lankideak ditut ere Texaseko kide izandakoak eta batzuk bere garaiko argazkiak ere erakutsi dizkidate, 1973 urteko Donostiako hondartzako lehiaketakoa, esate baterako.

Jendearen laguntzarekin, pixkanaka dena eraldatzen joan gara. OrainTexas Lasartearra berriz ere herriko taldea izatea izan dugu helburu. 

Zeintzuk izan dira pausoak?

Talde batek aurrera egiteko oinarri sendoa behar du bai bulegoetan, baita zelaian ere. Eta Ostadar SKT izan da erreferentzia. 

Lehen pausoa, 2017an erregional taldea desegitea izan zen. Kopa jokatzen ari ginen garai hartan, guztiak bildu eta uztea erabaki genuen. Ezin genuen horrela jarraitu, ilusioa zegoen baina seriotasunik ez. Gogoratzen dudanez, lehiaketa uzteagatik 300 euroko isuna ordaindu behar izan genuen.

Eta uda horretan haur eta gazteentzako kanpus bat antolatu genuen. Orduan, oraindik ez nuen proiektua finkatua eta ez nuen espero gerora gertatu dena.

Horiek izan ziren futbol eskolaren hastapenak...

Kanpus horretako jokalariekin eman genituen lehen pausoak. Benjaminekin hasi ginen lanean eta orain maila guztietan ditugu taldeak.

Zaila izan zen. Udalak eta kirol zerbitzuak ez zigun laguntza askorik eman. Andres erregional taldeko kide eta Ismaelen laguntzarekin eta gertuko jendearekin lortu genuen guztia martxan jartzea. 

Eta hurrengo denboraldian, erregional taldea izango du lehian berriz ere Texasek.

Bai, nire ametsetako bat egi bihurtu da. Nire ilusioetako bat hori zen, Erregional mailan berriz egotea.

Horretarako, estruktura profesionalizatu bat behar zen eta lanean aritu gara horretarako. Azken bizpahiru urteetan zuzendaritzan sartu den jendeak ere asko lagundu du –Angel Rosa, Javier Azurza, Alvaro Jimenez, Jonatan Monroy eta Antonio Mazo–. Jende profesionala da beste arlo batzuetan eta hori nabaritu da. Serioago hasi gara lanean eta bulegoan zein zelaian taldea profesionalizatu dugu. Maila askotan aldaketa handia izan da. Lehen argazki asko genituen eta kopa gutxi; orain kopaz beteta dugu bulegoa. Harro nago eta lasai noa.

Esku onetan uzten duzu taldea, orduan?

Bai. Urte gogorrak pasa izan ditugu. Nik egin behar zen guztia egin dudala sentitzen dut eta esan bezala, lasai noa. Lekukoa emateko garaia iritsi dela uste dut.

Duela uste batzuk amore ematekotan egon nintzen eta taldea pikutara bidaltzeko zorian egon nintzen. Baina oraingo zuzendaritza sendoa da eta Texas aurrera eramango dute. 

Taldeak ere egoera onean daude. Jokatu berri duten Salou Youth Cup da horren adibide.

Eta Federazioan zein Foru Aldundian egiten dugun lana ikusi dute eta aintzat hartu gaituzte. Beraz, harro nago.

Urte gogorrak izan direla aipatu duzu. Pandemia ere izan duzue tartean.

Zuzendaritza taldearen lana handia izan da. Norgehiagoka gutxi izan arren, dokumentu pila egin behar izan dira. Lana bikoizten zen lortzen zenuen onurarako.

Bestelako lanak ere egin genituen. Lasarte-Oriako taldea garenez, herriari lagundu nahi izan genion eta gure aurrekontuaren erdia gastatuz, babes materiala eman genien Atsobakar egoitzako kideei. Horrelako ekintzak egin behar direla uste dugu.

Herriaren parte izate horrek San Silvestre lasterketa ere sustatzea ekarri du?

Texasena izan zen ideia; lehen urteetan sustatu eta lagundu genuen. Gerora, herritar talde batek hartu du antolakuntza eta pozik gaude sustraitu den proiektua delako.

Nesken infantil taldea sortzen saiatu zareten arren, ez da posible izan. Hori izan daiteke arantza bakarra.

Urteak dira taldea sortu nahian gabiltzala. Pena handia da zortzi urtetatik gure taldean dauden neskek Añorgara edo beste herrietara joan behar izatea.
Udalarekin eta Ostadarrekin ere harremanak izan ditugu proiektua aurrera eramateko baina ez da posible izan.

Ostadar aipatu duzu bitan. Nolakoa da bi taldeen arteko harremana?

Duela urte batzuk, Ostadarrekin bilera bat egitea erabaki genuen. Imanol Bardajirekin bildu nintzen eta egin dugun onena dela esan daiteke. Talde bakoitzaren egoera ezagutu eta gerturatu ginen. 

Eskutik joan behar dugula ulertu genuen. Urtero Udalak bi taldeak bata bestearen aurka jartzen zituen; ez zituen erabakiak hartzen eta gure artean adostu behar genituen gauza asko. Bilera tentsoak izaten genituen.

Bi taldeak batzea ere jarri zen mahai gainean. Ez zitzaidan ideia txarra iruditzen; Lasarte-Oriak talde bakarra izatea eta profesionalagoa. Baina azkenean haur eta gaztetxoek futbolera jokatu nahi dute eta asko dira; herriak bi talde izatea ez dago gaizki. Gainera, nik jokalari bezala asko gozatzen nituen derbiak. Herri gutxik dute aukera hori eta polita da. Egun eta partida berezia da.

Orain harreman ona dugu. Bilerak egiten ditugu gai teknikoak adosteko; gure beharrak defendatu behar ditugu Udalaren aurrean eta indarrak batu behar ditugu horretarako.

Eta gainera, Michelin kirol guneko zelaiaren arazoa handia da. Zelai berria egingo dutela esan zuten, baina ez dakit zer gertatuko den. Texasek hiru talde zituenean ez zegoen hainbeste arazorik. Baina orain bai Texasek, baita Ostadarrek ere talde ugari ditugu eta arazoa handia da. Gure talde batzuk Realaren baimenarekin Zubietan ari dira lanean.

Reala aipatu duzula, 2020 urtean hitzarmena sinatu zenuten Donostiako taldearekin...

Bai, horrela da. Harrobi gara ofizialki eta horregatik, laguntzeko prest daude beti. Ez da ohikoa zelaiak uztea, baina kasu berezietan egiten dute.

Ekonomikoki ere guztia aurrera eramatea zaila izango da.

Hasi nintzenean 1.000 bat euro izango ziren kontuetan. Senai Oiartzungo burdindegi industrial baten babesa izan dugu. Herriko tabernak eta merkatariak ere ez ditugu ahaztu behar. Euren laguntza txikia bada ere ongi etorria da taldea aurrera eramateko. Horregatik eskerrak eman behar dizkiet.

Esan beharra dago, zuzendaritzako kideen lana musutruk dela. Guk ez dugu ezer kobratu. Fitxak, entrenatzaileak, jantziak, eta abar ordaintzeko erabili dugu jaso dugun dirua.

Familiek dituzten arazo ekonomikoez ere jakitun gara eta horregatik, lan egin dugu haurrek futbolean jokatu ahal izateko.

Familiek egindako lan guztia ikusi dute eta eurei ere eskerrak eman behar dizkiegu guregan jarritako konfiantzarengatik.