Hilaren 10ean arratsaldeko lehen proba izan zen jauzi hirukoitzekoa. Lasarte-Oriako atletak aurkari zaila izan zuen, Tessy Ebolese; absolutu mailako txapelketan hirugarren izan zen eta Mediterraneoko Jokoetan ere brontzezko domina eskuratu berri zuen arabarrak.
Lehen jauzietan ez zirudien arren, hirugarrenean Ebolesek bere nagusitasuna erakutsi zuen 13 metroetatik gora jauzi egiten.
Bien bitartean, Naroa Furundarena herritarra bigarren postuan zen. Ezinezkoa egin zitzaion 13 metroetara iristea herritarrari, baina 12,72 metroko markarekin –bere marka pertsonaletik zentimetro batera geratu zen Ostadar Atletismoko kidea– zilarrezko domina eskuratu zuen.
Luzera jauziko proban ere aritu zen herritarra, hilaren 9an. Finalera iritsi zen 5,43 metroko markarekin, eta laugarren saiakeran bosgarren postua emango zion 5,70 metroko jauzia egin zuen Ostadarreko kideak.