Herriko lasterkariak ederki lehiatu dira mendi igoera zein iraupen luzeko probatan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 14a, 11:15
Gomez Margallo, SantamaƱako lasterketako buruan. Arg.: Javier Zatarain.

Herri lasterketa edo mendi lasterketetan ere izan dira lehian herritarrak edo herriko taldeko ordezkariak. Asteasuko Santamaña igoeran, esate baterako, podiumean izan zen Raul Gomez Margallo

Ez zen Asteasuko lasterketan parte hartu zuen herritar bakarra izan, baina Gomez Margallok berriz ere podiumera igotzea lortu zuen proban. Hilaren 11n, beroari aurre eginez, 80 korrikalarik parte hartu zuten proban; lasarteoriatarra hirugarren iritsi zen Santamaña ermitako helmugara. 

Iraupen luzeko proba ugaritan ere izan dira Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) zein herriko lasterkariak. 

Vall de Aran, Lleidan, UTMB World Series trail running zirkuituko Peades dera Aigua proba lehiatu zen uztailaren 7an. LOTMEko Ibon Aguirrek bederatzi ordu 41 min eta 08 segundo behar izan zituen 55 kilometroko ibilbidea egiteko.

Beasainen, berriz, Ehun Milak, G2Handiak eta Marimurumendi probak jokatu ziren eta hiruetan izan ziren herritarrak.

168 kilometroko ibilbideari egin zion aurre Asier Otero  herritarrak Ehun Milak proban (42.08.48).

G2Handiak lasterketan, berriz, 88 kilometroko ibilbidea egin zuten Jesus Alfonso Rodriguez herritarrak (18.25.04) eta LOTMEko Marc Bagesek (15.59.47) 

Azkenik, Marimurumendi maratoian, LOTMEko Javier Olazagoitiak (04.59.09) eta Josean Lasak (06.02.45) 42,195 kilometroko bidea gainditu zuten.

G2Handiak, Marimurumendi maratoian eta Santamaña igoeran parte hartu zuten LOTMEko kideak. Arg.: LOTME.