Artisau produktuz beteko da Okendo plaza ingurua

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 14a, 10:53

Santa Ana azoka iragarri du Lasarte-Oriako Udalak datorren iganderako, hilak 24. Artisau produktuak ikusi eta erosi ahal izango dituzte herritarrek, eta baita jateko produktuak ere. Okendo plazan eta Mercero gune inguruan izango da azoka

Santa Ana azokak hartuko du Okendo plaza eta Mercero gune ingurua datorren igandean, hilak 24. Hala jakinarazi du Lasarte-Oriako Udalak, prentsaurrean.  Goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak, eta 14:00ak arte izango da erosketak egiteko aukera. Bazkaldu eta atsedenerako tartetxo bat izango dute gero artisau eta ekoizleek eta arratsaldean, berriz ere izango da azokan ibiltzeko aukera: 17:00etatik 20:00etara.

Eventos globales enpresa arduratu da azoka antolatzeaz (iaz ere beraiek egin zuten lan hori), eta postuen antolaketaren berri eman du bertako ordezkari Asier Velazquezek. Jakinarazi du Okendo plazan egongo direla artisauak, eta Merceron, berriz, elikadura postuak. Zehaztu du udaletxe azpiko arkuetan herriko artisauak bisitatu ahal izango dituztela azokara joango direnek.

Bitxiak, larruz zein egurrez egindako produktuak, jantziak, pilotak eta beste hainbat eta hainbat produktu erosteko aukera izango dute interesatuek. Horrez gain, zapatagintza, egur taila eta ehundegi lanak nola egiten diren ikusi eta ikasi ahal izango dute. Gipuzkoa eta Bizkaikoak izango dira azokan parte hartuko duten artisau guztiak. 
Egitasmoaren inguruko informazio gehiago nahi duenak honako web atarian aurkituko du: https://santaanalasarte.com.

Berrikuntza
Orain arteko Santa Ana azokekin alderatuta, berrikuntza bat dakar aurtengoak. Goiza goxatzeko talo postu bat ekarriko dutela jakinarazi du Velazquezek. Horiek dastatzeaz gain, jakia nola egin ikasteko aukera izango dute etxeko txikienek. Izan ere, urtero bezala tailerrak antolatu baitituzte eurentzat. Ogia eta gailetak nola egin ere erakutsiko diete. Helduenek, ordea, zapatagintzaz, ehungintzaz eta egur tailaz ikasi ahalko dute.