Ikasmateriala erosteko laguntzak eska ditzakete herritarrek irailaren 30era arte

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 14a, 10:24
Carretero liburu dendan aurkeztu dituzte aurtengo laguntzak udal ordezkariek.

Beharra duten familiei eskolako materiala erosten laguntzeko asmoz, Lasarte-Oriako Udalak 15.000 euroko dirulaguntza lerro bat prestatu du. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean bukatuko da, eta urtean 40.000 eurora arteko diru sarrerak dituztenek egin ahalko dituzte.

Iraila aldapatsua izan ohi da: oporretatik itzulera, errutinara buelta, ikasturte hasiera... Garai hori horren maldatsua izan ez dadin, dirulaguntza lerro bat prestatu du Lasarte-Oriako Udalak; helburua da behar handiena duten familiei laguntzea eskolako materiala erosten. 15.000 euro bideratuko ditu horretara. Interesa duten herritarrek irailaren 30era arte egin ditzakete eskaerak, baina baldintza bat bete beharko dute ezinbestean: urtean jasotzen dituzten diru sarrerak 40.000 euro baino gehiagokoak ez izatea.  

Agustin Valdivia alkateak eta Hezkuntza zinegotzi Maite Iglesiasek eman dute egitasmoaren nondik norakoen berri Carretero liburu dendan, bertako jabe Julen Izagirrerekin batera. "Herritarrek premia handia duten garaiotan ari gara laguntza berriak sortzen edo lehendik zeudenak indartzen, ikasmateriala erostekoaren kasuan bezala", azpimarratu du Valdiviak. Azaldu du eskatzaileek jaso dezaketen ekarpena urtean ingresatzen duten diruaren araberakoa izango dela: 25.000 euro edo gutxiago jasotzen dituztenek, 110 euro gehienez; 25.001 eta 33.000 euro artean dabiltzanek, 90 euro; eta 33.0001 eta 40.000 euro bitartekoek, 50 euro. Jasotzen duten dirua herriko komertzioetan gastatu beharko dute lasarteoriatarrek.

Herrian erroldatuta

"Laguntza eskatzen dutenak gure herrian erroldatuta egon beharko dute", jakinarazi du Iglesiasek. "Hori bai, haien seme-alabek ez dute zertan Lasarte-Oriako zentroren batean ikasi, inguruko herrietan ari badira ere aukera dute". Esan bezala, izena emateko azken eguna irailaren 30a izango da; tarte horretan egiten dituzten erosketen tiketak gorde egin beharko dituzte herritarrek, udalean aurkezteko gero. "Liburu, koaderno, arkatz, boligrafo, kiroletako arropa... Material hori guztia eros dezakete".

Lehen edo Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloak egiten ari diren ikasleei zuzenduta dago dirulaguntza lerroa, Iglesiasen arabera. "Urteak daramatzagu aukera hori ematen, eta esperientziak esaten digu 15.000 euro bideratzea nahikoa izango dela eskaerak egiten dituzten familien beharrak asetzeko", amaitu du Valdiviak.