A Coruñan bandera lortu ez arren, Donostia Arraun Lagunak sailkapenean buru da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 12a, 14:30

Donostia Arraun Lagunak eskifaia, bigarrene guneko garaipena ospatzen. Arg.: Euskotren / A. Arrizabalaga

Hitzordu bikoitzak izan dituzte Lasarte-Oria ordezkariek euren Ligetan. Euskotren Ligan V. Ciudade Da Coruña lehiatu zuen Aiora Belartietak Donostia Arraun Lagunakekin batera; Intza Fernandez eta Gaizka Ormazabal, berriz, Portugaleten izan ziren Portugaleteko Uri Urena bandera lehiatzen

Euskotren Ligako traineruak A coruñan izan ziren lehian uztailaren 9an eta 10ean.

Lehen estropadan Orio izan zen nagusi. Hasieratik aurre hartu eta Donostia Arraun Lagunak-ek ezin izan zuen talde horiak ezarritako erritmoa jarraitu. Ziabogan bederatzi segundoko errenta zegoen eta bigarren luzean errenta txikitzea lortu zuten donostiarrek.

Bigarren jardunaldian, berriz, Donostia Arraun Lagunak-ek lortu zuen garaipena.

Lehia handia izan zen mirotzen eta Lugañeneko eskifaien artean. Estropada burua maiz aldatu zen;  ziabogara batera iritsi ziren bi ontziak. Azken 300 metroetan Aiora Belartieta eta bere eskifaia kideek, ordea, aurre hartu eta lehenak izan ziren helmugan. Segundo bateko tartearekin iritsi ziren horiak. 

Lehenengo eguneko errentari esker Oriora eraman zuten A Coruñako bandera.Donostia Arraun Lagunak, ordea ez zen esku hutsik joan. Sailkapen orokorreko lehen postuan jarri baita, nahiz eta Oriorekin puntuetan berdinduta egon.

ETEn ere lehia handia 

Aipatu legez, egun beretan, ETE zein KAE 2 mailako ontziek Portugaleteko Uri Urena bandera jokatu zuten Bilboko itsasadarrean.

Intza Fernandez (goiko ilaran bigarrena eskuinetik hasita) eta taldekideak Portugaleteko banderarekin. Arg.: Hondarribia Arraun Elkartea

Euskotren Ligaren antzera lehia handia dago Hondarribia eta Hibaikaren artean. Alabaina, Intza Fernandez herritarra kide duen Hondarribiak denboraldiko hirugarren bandera irabazi zuen bigarren eguneko jardunari esker. 

Lehen jardunaldian hirugarren txanda lehiatu zuen talde berdeak Hibaika eta Zumairekin batera. Hibaika garaile izan zen 11.13,99, Hondarribiak hirugarren postua eskuratu 11.18,70 eta Ohorezko txandarako sailkatu zen, baita  bigarren txanda jokatu zuen Deusto ere.

Uztailaren 10eko estropadan, Hondarribia eta Deustoren arteko borroka izan zen protagonista. Hasieratik erritmo altua ezarri zuten bi ontziek eta bilbotarrek eman zuten ziaboga lehenak. Ama Guadalupeko ontzia segundo batera iritsi zen. Atzean utzi zuten Hibaika eta lehen eguneko bost segundoko errenta galdua zuen ziabogara iristerakoan.

Bigarren luzean, berriz, Hondarribiako eskifaiak erritmoa azkartu zuen, Deustok ezin izan zuen martxa mantendu eta bost segundok errenta izan zuten helmugan. Hibaika, berriz, ia zazpira iritsi zen.

Banderari esker, ETEko buruan da Hondarribia Hibaikarekin puntuetan berdinduta.

Hirugarren postua

KAE2 mailan ere Gaizka  Ormazabal kide duen Hibaika Susperregi edukiontziak bigarren jardunaldian erakutsi zuen bere balioa.

Hibaikako arraunlariak (Gaizka Ormazabal, bosgarren lerroan estriborrean) Portugaleten lehian. Arg.: Hibaika.

Lehen estropadan hirugarren txandan lehiatu zen. Donostiarra eta Lapurdi Anttonen izan zituen aurrez aurre. Errenteriako eskifaiak ezin izan zituen arerioak jarraitu eta helmugan gainera, bosgarren denbora

Uztailaren 10ean, berriz, gorri-beltzek arantza kendu zuten. Bigarren txandan nagusi izan zen hasieratik Hibaika. Astillero eta Mutrikuk ezin izan zuten Hibaikaren jarraitu eta lehen ziabogan ia hamar segundoko errenta zuen. Tartea ongi kudeatu zuten gorri-beltzek eta 21.28,62 denbora egin zuten helmugan. 

Ohorezko txandako Portugaletek baino marka hobeagoa egin zutenez, hirugarren amaitu zuten jardunaldia gorri-beltzek.

KAE2 Ligako sailkapen nagusian ere hirugarren postuan da Errenteriako ontzia.