ESKUALDEA

Eskualdeko Sarek Bizikleta Itzuliarekin bat egitera deitu ditu herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 12a, 10:36
Eskualdeko taldeek Okendo plazan egin dute agerraldia.

Udan ere kilometroak egiten jarraituko du Sare Herritarrak, Izan Bidea dinamikaren baitan, euskal presoen eskubideen alde eta haiei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien aurka. Aldarri horiek lau haizetara zabaltzeko asmoz, Bizikleta Itzuliaren bosgarren aldia aurrera eramango du hilaren 22tik 24ra: martxa Etxarrin (Nafarroa) hasi eta Donostian bukatuko da. Eskualdeko eragileek prentsaurreko bat egin dute Okendo plazan, eskualdeko biztanleak ekintzarekin bat egitera animatzeko. 

Jarduerarekin bat egin nahi dutenek Sareren webgunean eman dezakete izena. Martxa osoa egin nahi duenak 65 euro ordaindu beharko ditu, eta hiru etapetako bat egin nahi duenak, berriz, 25 edo 15, luzeraren arabera: Etxarritik Durangora eta Durangotik Azpeitiara artekoek 25na euro balio dituzte, eta Azpeitiatik Donostiara artekoak, aldiz, 15. Azken horretan parte hartzeko deia egin dute gure eskualdeko Sare osatzen duten taldeek. Lasarteoriatarrentzat hitzordua hilaren 24an izango da, 11:00etan Okendo plazan. Bizikleta norberak ekarri beharko du.

Bizikleta Itzulia ekintza oso garrantzitsua dela nabarmendu dute eragileek prentsaurrekoan, eta adierazi bi urte eta gero normaltasunez egingo dela berriro. "Berebizikoa da eskatzen jarraitzea da euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriekin amaitzea, izan ere, presoen %36 Espainiako espetxeetan daude oraindik, haien senide eta lagunengandik urrun".  

Mobilizazioa Donostian

"Udako jaien testuinguruan, salbuespen legedia salatu eta euskal presoen herriratzea bere osotasunean gauzatzeko mobilizazioak antolatu ditugu", jakinarazi du Sarek. Horietako bat Donostian egingo du, abuztuaren 20an, larunbatarekin, Aste Nagusia ospatu bitartean.

Izan Bidea dinamika datorren ikasturte hasieran bukatuko da, urriaren 8an, Donostian egingo duten manifestazioarekin, Etxera bidea gertu lelopean. Goiza aldarrikapen mezuak zabaltzeko erabiliko dute, eta festa 15:30etik aurrera hasiko da, Illunben, makina bat musikari gonbidaturekin.

 

Erlazionatuak

Bizikleta Itzulia aurkeztu du Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 11 Politika