Akrobazia eta umorez betetako opera

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 8a, 20:01

Uztaila iritsi da eta horrekin kaleko kultur jarduerak. Osteguneko zinema emanaldiaren ondoren, antzerkiak hartu du ostiral arratsaldean Okendo plaza. Circo Chosco bikoteak zirku ikuskizun entretenigarria egin du, eserleku guztiak bete, eta inguruan gelditu diren haurren eta helduen gozamenerako. Kuboek edota egunkari batek askorako eman dezaketela argi utzi dute, akrobazien eta jolasen bidez.

Egunkaria irakurtzea dirudiena baino gauza zailagoa izan daiteke, bereziki, lekuz eta tamainaz aldatzen doazen kutxa pilen gainean saiatzen ari bazara. Eta tintaz zipriztindutako orriak ezustean aurpegira itsasten badira, are gehiago. Albisteak irakurtzeko ahalegin horretan hamaika gauza gertatu zaizkie ikuskizuneko bi protagonistei. Gertatu ez, elkarri egin baitizkiote gehienak. Ezkutatu, zirikatu, dantzatu, harrapatzen saiatu... Denetarik egin dute, baita ikusleak harritu eta dibertitu ere. Ordubeteko saioan gertatutako guztia adi-adi jarraitu dute plazan bildutakoek, eta ahal bezala, bi aktoreak laguntzen saiatu dira, emakumeari ustezko ezbeharra izan duenean eta gizonari erruduna aurkitu nahian ibili denean.

Erlazionatuak

'Oh!Pera' zirko ikuskizuna, Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 08 Kultura