Lasarte-Oriako igerilariak ederki lehiatu dira asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 7a, 12:15
Euskal Herriko Udako txapelketan izan ziren Buruntzaldea IKTko igerilariak; Iker Gorostegui falta da irudian. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Txapelketaz txapelketa dabiltza eta emaitza ederrak lortzen ari dira Lasarte-Oriako igerilariak. Hilaren 2an eta 3an, absolutu mailako zein junior mailako Euskal Herriko txapelketan, Igeriketa Egokituko Kluben arteko Espainiako Absolutu mailako Txapelketan eta Mataro Hiriko trofeoan lehiatu ziren. Buruntzaldea IKTko kideek 11 domina bildu dituzte Euskal Herriko txapelketan eta Nora Imaz junior mailako Euskadiko txapeldun izan da. Mataroko proban, berriz, absolutu mailako 200 m. bular probako Euskadiko errekor berria ere ezarri du Ainhoa Martin herritarrak

Buruntzaldea IKTko Nora Imaz, Garazi Etxeberria, June Lopez, Izaro Audikana, Iker Gorostegui eta Miren Sarobe kideek Euskal Herriko txapelketan parte hartu zuten. Markak ondu eta 11 domina jantzi zituzten taldeko bi kideren artean; Nora Imaz eta Garazi Etxeberria. Imazek gainera txapelketako garaikurra ere lortu zuen.

Estilo libreko distantzia erdi eta luzeko probetan –200 m., 400 m., 800 m. eta 1500 m. libre probak– jantzi zituen Imazek dominak. Junior mailan nagusi izan zen lauetan; absoluto mailan, berriz, urrezkoa jantzi zuen 800 m. proban; zilarrezkoa 400 m. eta 1.500 m. probetan eta brontzezkoa 200 m. proban.

Etxeberria, berriz, junior mailako 50. eta 100 m. libre probetako lehen sailkatua izan zen eta bigarrena 200 m. lau estiloetan.

Taldekide Nahia Zudairek Igeriketa Egokituko Kluben arteko Espainiako Absolutu mailako Txapelketari egin zion aurre. 200 m. libre, 50 m. bular, 50 m. tximeleta eta 100 m. bizkar probetan igeri egin eta s8 zein SB7 mailako lehen postuetan izan zen igerilari gaztea.

Errekorra

Bidasoa XXI taldeko Ainhoa eta Leire Martin herritarrak, berriz, Mataro Hiria Trofeoan podiumeko gorenera igo ziren. Ainhoak 200 m. bular, 200 m. tximeleta eta 200 m. zein 400 m. lau estilo probetan jantzi zuen urrea; Leire, 100 m. eta 200 m. bizkar probetan garaile izan zen. eta bigarren sailkatu zen 50 m. bizkar proban.

Horrez gain, Ainhoak 200 m. bular proban absolutu mailako Euskadiko errekor berria ezarri zuen, 02.31,10.  

Ainhoa Martin, lehian. Artxiboko irudia. Arg.: Bidasoa XXI.

Hurrengo hitzorduak

Buruntzaldea IKTko absolutu eta junior mailako igerilari gehienek atseden hartuko duten arren, asteburu honetan, infantil mailako Euskal Herriko txapelketa jokatuko da Galdakaon. Lehiaketa horretan Miren Sarobe eta Iker Gorostegui lehiatuko dira.

Eta Garazi Etxeberriak Junior eta Absolutu mailako Espainiako Udako Txapelketa prestatzen jarraituko du. Hitzordua hilaren 20tik 24ra izango da, Sabadell, Katalunian.