Donosti Cup lehiaketa martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 4a, 13:30

Michelin Kirol gunean Donosti Cup lehiaketako giroa nabari da. Gaur goizean lehiaketari hasiera eman zaio eta Lasarte-Orian G14 mailako G multzoko Añorga KKE B eta Fontsanta Fatjo B partida izan da lehena. Aurten, ordea, ez da etxeko talderik ikusi ahalko kirol gunean; Ostadarreko zein Texas Lasartearrako taldeek kanpoan jokatuko dituzte partidak

Añorga KKE B taldeak ez du ongi hasi Donosti Cup lehiaketa. Fontsanta Fatjo B taldeak irabazi du partida lehen minutuetan sartutako gol bati esker. Hau izan da gaur goizean Donosti Cup lehiaketari hasiera eman dion partida.

Michelin kirol guneko zelaian partidak izango dira goiz eta arratsaldeetan hilaren 8ra arte. Mailak eta multzo ezberdinetako ligaxketako neurketak izango dira gaurtik hilaren 6ra. Bigarren faseko partidak (Europa League eta Champions League) uztailaren 7an eta 8an izango dira eta G17 zein B15 mailetako finalerdiak jokatuko dira Lasarte-Orian.

Lasarte-Oriako ordezkariak

Ez da Lasarte-Oriakoa gune bakarra izango. 30 futbol zelaietan bilduko dira nazioarteko taldeak eta horietako batzuetan herriko taldeak izango dira lehian. Izan ere, aurten ez baitute etxean jokatzerik izango. Herriko ordezkaritza zortzi taldez osatua dago: Ostadarreko zazpi eta Texas Lasartearrako bat.

Ostadar SKTko bi taldek dagoeneko hasi dute lehiaketa eta ez dute zorterik izan lehen neurketan. B19 mailako A taldeak 1-6 galdu du Amerikako Estatu Batuetako San Roman taldearen aurka, Azpeitian. B10 mailako taldeak, berriz, Oiartzunen jokatu du. Añorga KKE A taldearekin neurtu ditu indarrak eta 6-0 galendu da Añorgako taldea.

Gainerako partidak honakoak dira:

  • B19 maila: Ostadar SKT B - Antigua Luberri (Donostia). 18:45. Herrera, Donostian.
  • B16 maila: Ostadar SKT - Segre CA (Katalunia). 16:15. Elgoibarren.
  • B14 maila: Ostadar SKT - PC Team Excellence (Madril). 17:45. Fanderia, Errenterian.
  • B13 maila: Ostadar SKT - Wakatake (Japonia). 16:15. Pasaia, Donostian.
  • B12 maila: Ostadar SKT - Inter Lleida Sports (Katalunia). 16:15. Zubieta 5, 2.zelaia, Donostian.
  • B10 maila: Texas Lasartearra - Futdiver (Katalunia). 16:00. Cesar Benito, Donostian.

Lehiaketaren jarraipena egin nahiez gero, txapelketako webgunean aurkituko duzue informazio guztia.