Donostia Arraun Lagunak-ek denboraldiko lehen bandera altxa du Bilbon

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 4a, 10:25
Donostia Arraun Lagunak ontzia, Bilboko Banderan lehian. Arg.: Euskotren Liga/ Aitor Arrizabalaga

Euskotren Liga hasi da Bilbon eta Donostian lehiatu dira traineruak. Aiora Belartieta kide duen Donostia Arraun Lagunak eskifaiak ederki hasi du denboraldia lehen proban, Bilbon bandera lortu du eta Donostian, berriz, bigarren postuan izan dira. Orio Orialki aurten ere arerio gogorra izango dela ikusi da bi estropadatan. ETE Ligan, berriz, Intza Fernandez herritarra eta Hondarribia  bigarren postuan sailkatu dira Castro Urdialeseko banderan

Orio Orialki, Tolosaldea, Donostia Arraun Lagunak eta Nortindal Donostiarra-Ur Kirola 100. Hasi da Euskotren Ligako lehia. Bilbon eta Donostian bildu dira lau traineruak txapelketako lehen bi hitzorduak jokatzeko.

Bilbon izan zen lehena eta bertan Donostia Arraun Lagunak eta Aiora Belartieta herritarra izan ziren garaile. IV. Bilboko Bandera kronometratu modura jokatu zen. Donostia Arraun Lagunak izan zen azkena ateratzen eta nagusi izan zen hasieratik. Orio Orialkiri bost segundo atera zizkion eta bandera eraman zuen Lugañekeko eskifaiak. Sailkapeneko buru ere jarri zen Donostiako trainerua.

Etxean garaipena lortzeko ere ederki lehiatu ziren bigarren jardunaldian. VI. Bandera Fabrika, ordea, Orio Orialkiren eskuetara joan zen. Lehia estua izan zen Donostia Arraun Lagunak eta talde horiaren artean. Alabaina, bigarren ziabogaren ostean, Oriok aurre hartu zuen eta lau segundoko aldea atera zion helmugan. Ondorioz, sailkapenean berdindua daude bi ontziak.

Beste Ligetan ere lehia

Larunbatean ere, ETE Ligako jardunaldia izan zen Castro Urdialesen. Itsasoaren egoera dela eta, ordubete atzeratu behar izan zuten estropadaren hasiera. Ostean, itsaso zakarrari aurre egin behar izan zioten ontziek. Hibaika izan zen nagusi eta Ama Guadalupeko eskifaia, Intza Fernandez herritarra barne, bigarren iritsi zen garailetik hamar segundora.

KAE2 Ligan, berriz, Mutrikun eta Donostian lehiatu zuten ontziek. Gaizka Ormazabal kide duen Hibaika lehen postuetan izan zen bietan. Mutrikuko Yurritu Group VI. Banderan laugarren amaitu zuen eta XII. Bandera Donostiarra-Ur Kirolak proban arantza kendu eta bigarren postua eskuratu zuen Errenteriako ontziak.