Texas Lasartearra ederki lehiatu da Salou Youth Cup txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko uzt. 4a, 09:00

Texas Lasartearra taldeko kideak, kopetako batekin. Arg.: J. Tejado.

Texas Lasartearra futbol taldeko infantil eta kadete taldea Salou Youth Cup txapelketa lehiatu dute ekainaren 29tik uztailaren 3ra. Esperientzia ederra bizi izan dute gaztetxoek nazioarteko taldeekin lehiatuz. Infantil taldeak hirugarren postua eskuratu du; kadeteek, berriz, integrazio kopa eskuratu dute

Lasarte-Orian San Pedro Jaiak ospatu ditugun arren, izan da herritik kanpo egon direnak ere. Horietako batzuk Texas Lasartarra taldeko kadete eta infantil taldea izan dira. San Pedro egunetik uztailaren 3ra Salouen izan dira bertan jokatzen den Salou Youth Cup txapelketan parte hartzen. Bi taldeek lan ederra egin dute. Infantilak podiumera igo dira; hirugarren izan dira. Kadeteak ere ez dira esku hutsik itzuli, integrazio kopa jaso baitute.

Kadete taldeak denboraldiko lehia somatu zuen txapelketan; igoera jokatu dute. Hala ere, integrazio kopako finalerdian Unió FB Jábac Terrassaren aurka euren onena erakutsi zuten. Partida zirraragarria izan zen eta Markel Sanchez Zabala atezainaren lana nabarmendu nahi izan dute Texas Lasartearra taldeko kideek. Finalean Amaikak- Bat izan zuten aurrez aurre. Partida borrokatua izan zen, taldeak ongi neurtu zituen indarrak eta 1-0 garaitu zuen Kopa eskuratzeko. 

Infantilek, berriz, multzo zaila izan zuten. C.F. Pallejá, Gol Football Club FC Shaab, S.D Lengokoak A, C.D La Floresta izan zituen aurkari eta taldeko bigarren sailkatu modura eta partida bat galdu gabe –bi garaipen eta bi berdinketa– lortu zituzten Txapeldunen fasera igaro ziren.

Finalerdian Japoniako jokalaririk onenak biltzen dituen FC Ichikawa Gunnersen aurka neurtu zituzten indarrak. Partida azken minutuetan erabaki zen; talde japoniarrak bi gol egin zituen eta finaletik kanpo utzi zuen Texas Lasartearra. Hala ere, hirugarren postuko partidan arantza kendu eta podiumeko azken mailara igotzea lortu zuten. 

Zelaia alde batera utzita, jokalari eta teknikarientzat esperientzia aberasgarria izan dela jakitera eman dute talde zuri-urdineko kideek. "Jokalarien arteko loturak sendotu dira eta bizitakoa ez dute inoiz ahaztuko. Gure taldeak jokalarien alde pertsonala ere lantzen du eta Texaseko familiaren kide izateak autoestima garatzen diela uste dugu".

Texas Lasartearrako taldeetako kapitainak, Salou Youth Cupen lortutako bi kopekin. Arg.: Texas Lasartearra

Hurrengo denboraldia

Euren filosofiarekin aurrera jarraituko du Texas Lasartearra taldeak eta horregatik, 2022-2023 denboraldian lanean daudela jakitera eman dute. Aurten erregional taldea berreskuratuko du talde zuri-urdinak eta beraz, maila guztietan izango dira Futbol Eskolatik hasita. 

Era berean, talde teknikoan sendotze aldera, aurpegi berriak izango dira. Gorka Brit kadete mailako entrenatzaile lanetan egongo da. Brit lehen mailako futbol jokalari ohia da eta entrenatzaile titulua du. Bere esperientzia haur eta gaztetxoei transmititzen saiatuko da.

Horrez gain, neskek herrian futbolean jokatzen jarrai dezaten infantil mailako taldea osatzeko ahaleginak egingo ditu aurten ere taldeak.

Baina denboraldi berria hasi baino lehen gaur Donosti Cup txapelketa hasiko dute alebinek.

Salou Youth Cupen parte hartu duten Texaseko bi taldeetako kideak. Arg.: Texas Lasartearra