Herritarrak ederki lehiatu dira mendi igoera, maratoi erdi zein oztopo lasterketetan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 30a, 10:15
Igeldoko igoerako irteera. Haitz Mitxelena, eskuinetik bigarrena, Trinkoko mailotarekin. Arg.: Irutxuloko Hitza / Sara Ibarguren

Lasarte-Oriako korrikalariek errepidean, zein mendian lasterketak jokatu zituzten hilaren 25ean eta 26ean. Irun, Iruñea, Donostia edo Gernikan izan ziren lehian

Lasarte-Oriako edo herriko taldeetako ordezkariak ez dute atsedenik hartzen. Mendi igoerak, maratoi erdiak edo ostopo lasterketak, proba ezberdinei aurre egiteko gai dira.

Hilaren 25ean, larunbatearekin, eguraldi txarrari aurre eginez, bi mendi igoera ezberdinetan izan ziren herritarrak. Batetik Donostian XL. Igeldoko igoera izan zen eta bestetik Irunen San Martzial igoera.

Irunen Raul Gomez Margallo eta Zumeatarra taldeko Aimar Sukunza izan ziren parte-hartzaileetako batzuk. Urdanibia plazatik San Martzial mendira 3,6 kilometroko igoera egin behar zuten korrikalariek. Margallok seigarren postuan amaitu zuen proba, 14.15 eginez. 30 bat segungo geroago iritsi zen Aimar Sukunzak, 14.46, eta hamaikagarren izan zen. 

Lehenean, berriz, Lourdes Carrasco herritarrak etaTrinko taldeko Haitz Mitxelenak parte hartu zuten. Ezeiza jatetxetik Polipasoko antenara dauden 7,5 kilometroak 31.26 denboran egin zituen Mitxelenak; Carrascok 50.25 behar izan zituen.

Iruñean, berriz, eguraldi hobeagoa izan zuten Mikel Benito, Asier Maiztegui eta Miguel Angel Casares herritarrek. San Fermineko Maratoi erdia lehiatu zen Nafarroako hiriburuan eta 21 kilometroko proban izan ziren korrika hiru herritarrak. Benito izan zen azkarrena 01.24.28 eginez. Maizteguik 01.46.49 denboran egin zuen ibilbidea eta Casaresek, berriz, 01.53.31.

Bigarren Gudarien erronkan

Bestalde, Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) Mikel Caballerok Gernikan, Bizkaian, Gudarien erronkari egin zion aurre, igandean. Proba gogorra da. Nahiz eta 10 km-ko lasterketa izan, bidea oztopoz betea dago. Ordu bete bi minutu eta hogeita bi segundo behar izan zituen LOTMEko kideak ibilbidea egiteko eta Elite mailako bigarren sailkatua izan zen.