Buruntzaldea IKTko alebinek marka berriak eta lau domina eskuratu dituzte Euskal Herriko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 29a, 10:45
Alebin mailako Euskal Herriko txapelketan parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT

Hilaren 25 eta 26ean, Alebin mailako Euskal Herriko Txapelketa lehiatu zen Getxoko Fadura kiroldegian. Buruntzaldea IKTko lau kidek osatu zuten taldeko ordezkaritza: Mario Amantegi, Oihan Matute, Ibon Elola eta Iñaki Garcia. Guztiek markak ontzeaz gain, lau domina ere jantzi zituen Garciak eta 100 m. bizkar probako Euskal Herriko txapeldun berria da gaztea

Buruntzaldea IKTko alebin mailako lau kidek – Mario Amantegi, Oihan Matute, Ibon Elola eta Iñaki Garcia – Euskadiko txapelketa lehiatu zuten asteburuan. Ederki egin zuten igeri banaka zein taldeka eta euren markak hobetu zituzten hainbat probatan. Iñaki Garciak gainera egindako proba adina domina eskuratu zituen.
 
Banakako lehiaketan, Garciak lau probatan parte hartu zuen. Larunbat goizean, bizkar estiloko 200 metro proban 02.31,85 egin eta bigarren postuan sailkatu zen. Lau estiloetako 100 metroko proban ere zilarra jantzi zuen, 01.12,78 eginda. Arratsaldeko jardunaldian, berriz, 100 m. libre proba lehiatu zen eta hirugarren iritsi zen helmugara, 01.03,55. Igande goizean, azkenik, 100 m. bizkar proban podiumeko maila gorenera iritsi zen eta Euskal Herriko txapela jantzi zuen, 01.09,97 denborari esker.
 
Ibon Elolak hiru proba egin zituen: 200 m bizkar eta  estilo libre zein lau estiloetako 400 metro probak. Bizkar estiloko proban 02.39,40 egin eta zazpigarren sailkatu zen Elola eta 400 m. libre proban, berriz, zortzigarren izan zen, 05.12,59. Lau estiloetako lehian deskalifikatua izan zen. Hala ere, marka txukuna egin zuela jakitera mean dute Buruntzaldea IKTko kideek.
 
Mario Amantegik 400 metroko estilo libreko zein lau estiloetako probak egin zituen. Bietan bere markak ondu zituen gazteak, estilo librean 05.06,70 egin zuen eta lau estiloetan, aldiz, 05.58,90.
 
Azkenik, taldeko probetan hiru igerilariek Oihan Matuterekin batera bi errelebori egin zieten aurre: estilo libreko 4x200 m. eta 4x100 m. lehiak. Laurak bikain aritu ziren eta euren marka hobetzea lortu zuten bi probetan; 4x200 m. erreleboan 4 segundo jaitsi zuten marka, 10.06,35 eta 4x100 m. proban, aldiz, bi segundotan ondu zuten, 04.28,07.