Ostadar Atletismoa saileko kideak bikain aritu ziren Espainiako zein Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 29a, 09:30
Ostadar Atletismoa saileko Naroa Furundarena eta Maider Rekondo, Nerjako atletismo pista atzeaz dutela. Arg.: Ostadar Atletismo saila.

Ostadar Atletismoa ataleko kirolariak maila absolutuko Espainiako txapelketan zein 16 urtez azpiko Euskadiko txapelketan izan ziren lehian hilaren 25ean. Naroa Furundarenak zazpigarren postua eskuratu zuen Nerjan lehiatutako Espainiako txapelketan; Donostian, berriz, harrobiko gaztetxoak lehen postuetan izan ziren hainbat probatan eta Aiala Ramosek bi domina ere jantzi zituen 

Hilaren 25ean, Ostadar Atletismo sailak bi hitzordu garrantzitsu izan zituen.

Batetik, Naroa Furundarena eta Maider Rekondo kideak Espainiako txapelketan parte hartu zuten. Proba bakoitzeko hamabi kirolari onenak bildu ziren lehiaketan eta Furundarena jauzi hirukoitzeko proban lehiatu zen; Rekondo, aldiz, disko-jaurtiketan.

Bien helburua zortziko finalera iristea bazen ere, Furundarenak bakarrik lortu zuen azken fase horretarako sailkatzea. Hala ere, herritarrak ez zuen egunik onena izan; baleko jauzi bakarra egin zuen lehen saiakeran, 12,50 metro. Horri esker, finalerako sailkatu eta azkenik, zazpigarren postuan amaitu zuen txapelketa. 

Rekondok ere ez zuen zorterik izan ber proban. Bigarren jaurtiketan 42,24 metrotara bidali zuen diskoa eta momentu horretan, finalerako sailkatua bazegoen ere, hirugarren saiakeran hainbat aurkarik jaurtiketa hobeagoak egin zituzten. Herritarrak, ordea, ezin izan zuen marka hori gainditu eta finaletik kanpo geratu zen.

Emaitzak haratago, Ostadar atletismo saileko arduradunak pozarren daude bi kirolariek egindako denboraldiarekin. Furundarenak bosgarrenez lortu du Espainiako Txapelketako zortziko finalerako sailkatzea: Rekondok bi metrotan ondu du disko-jaurtiketako marka eta Euskadiko errekorra gertu du.

Bi domina

16 urtez azpiko Euskadiko atleta onenek, berriz, Donostian izan zuten topagune. Horien artean, Ostadar Atletismoko zortzi kide izan ziren eta lehen postuetan izan ziren; are gehiago, Aiala Ramosek bi domina eskuratu zituen jaurtiketetako bi probatan. Bigarren izan zen xabalina-jaurtiketan eta hirugarren pisu-jaurtiketan.

Gainerako emaitzak honakoak izan ziren:

  • Nora Manzanal: 4º pisu-jaurtiketa; 6º xabalina-jaurtiketa.
  • Oihane Belartieta: 4º xabalina-jaurtiketan.
  • Helene Martin: 5º xabalina-jaurtiketan.
  • Hodei Garcia: 5º xabalina-jaurtiketan.
  • Oinatz Almagro: 6º jauzi hirukoitzean.
  • Iraia Alkorta: 8º 100 metroko lasterketan. 
  • June Garcia: 9º jauzi hirukoitzean.