"Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 28a, 21:08

Ehunka herritarrek bat egin dute Ekainaren 28aren harira Lasarte-Oriako transmaribollo kolektiboak deitutako manifestazioarekin. LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen alde egindako ekintzak Okendon izan du irteera eta helmuga, eta ibilbidean kaleak jendez bete ditu. Amaieran, adierazpen bat irakurri dute Izar Agirretxek eta Tasio Arrizabalagak.

Kale Nagusitik abiatu dute manifestazioa 20:30ean Zumaburura bidean. Plazan pilatutako jendeak hartu du errepidea, askok eskuetan pankarta eta ostadar bandera zeramaten. Erdialdean barrena egindako bueltan aldarrikapen oihu ugari egin dituzte partaideek, eta plazara bueltan, entzun da ozen gehien errepikatutako aldarrikapena: "Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen". 

Pankarta eskuan eraman duten kideak eszenariora igo dira. Agirretxek eta Arrizabalagak erdibana irakurri dute idatzi bat. Aurrez, ordea, eskerrak eman dizkiete borrokarekin bat egin duten guztiei. "Izugarria izan da, lehenengo aldiz anonimotasunetik herrira ekarri nahi izan dugu borroka hau eta zuek denak hemen ikustea zoragarria da. Eskerrik asko! Mila esker, benetan!", aitortu du Arrizabalagak.

Ekainaren 28an herrian egiten duten lehen mobilizazioa da eta festa ez dela azaldu dute. "Hemen gaude, baina ez batzuek espero duten moduan. Ez gaude hemen kapitalismoaren merkatuan salgai dagoen beste ikuskizun baten gisan. Ez gara espektakulua. Ez da harrotasunaren desfilea. Harro gaude eta hau ez da gure Orgulloa

Borrokaz harro daudela adierazi nahi izan dute, eta beraien aurrekoak gogoan izan dituzte. "Hemen gaude 1969an Stonewall matxinadako borroka eta barrikadekin errepresio polizialari erantzun zietenen borrokari jarraituz", eta bereziki "isilarazia, ikusezin bihurtua, eta patologizatua" den trans komunitateak horretan izandako garrantzia nabarmendu dute, "diskurtso transmisoginoak bogan dauden honetan". Hala, zehaztu dute azken lau urteotan hirukoiztu egin direla salatutako eraso transmaribollofoboak, erailketak, jipoiak, irainak...

Kolektibo osoak jasaten dituen erasoak ere salatu dituzte. "Gizarte oso bat ari da gure praktikak, gure hautuak eta bizimodua epaitzen. Isilarazi nahian, eta batez ere, kriminalizatzen". Gorroto diskurtsoen indartzea eta egunerokoan jasaten dituzten beste batzuk ere zehaztu dituzte, hala nola, praktika sexualak kriminalizatzea, medikuarenean, eta  medikura joatera behartzen dituztenean, espazio publikoan deseroso sentiaraztean... Halakoen aurrean, "kezkagarria" da komunikabideek emandako "azaleko trataera".

Erasotzaileei eta horiek isiltasunez babesten dituztenei honakoa esan nahi izan diete: "Hemen gaude. Ez gara isilduko, ez gara kikilduko eta ez gara ezkutatuko" eta zisheteroarautik kanpo kokatzea bestelako komunitate praktika eta harremantzeko modu askatzaileak eraikitzeko hautua ere badela. Izan ere, "derrigorrezko heterosexualitatea ez da maitatzeko modu bat, gizartea sortzeko sistema bat da. Sistema kapitalistaren oinarrizko egitura da eta hori oso kontutan izan behar dugu". Horren aurka borrokatzeko sortu berri duten kolektibora batzera eta eta haiekin mobilizatzera gonbidatu dituzte bertaratutakoak.