Familien Mendi ibilbidea giro ederrean egin zen

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 28a, 09:45

Igandean, hilaren 26an, Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteak (LOTME) Familien I. Mendi Ibilaldia antolatu zuen. 90 bat herritarrek parte hartu zuten eta Andatzako tontorrerako bidean giro ederra izan zen. Itzultzean indarrak osatzeko mokadua hartzeko aukera izan zuten guztiek

San Pedro jaietako aurrekari modura, Familien I. Mendi Ibilbidea egin zen Andatza mendira. Larunbatean  egun osoan zehar euria egin arren, igandean mendira igozteko egun aproposa egin zuen. Guztira 90 pertsona irten ziren Antonio Mercero plazatik; LOTMEk jakitera eman duenez, aldez aurretik izena eman zuten 35 lagunek ez zuten parte hartu.
 
Adeitasuna eta giro ona izan ziren nagusi mendi martxa horretan. Andatzara igotzeko 12,5 kilometroko ibilbidean, txantxak eta barreak izan ziren nagusi.
 
Lasarte-Orira iristean, hamaiketako zuten zain guztiek: txorizo egosia, patata tortilla, sagardoa helduentzat eta ura helduentzat zein haurrentzat.
 
Horrez gain, parte-hartzaile guztien artean egindako zozketako opariak banatu ziren – kamisetak, txapelak, galtzerdiak, buff-ak – . Guztira 57 opari banatu ziren 90 parte-hartzaileen artean.
 
Eskertza
 
LOTMEk nabarmendu nahi du ahalegin ekonomiko handia egin duela jarduera hori aurrera ateratzeko.
 
Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkie taldeko boluntarioei ibilbidea balizatzeko eta Familien I. Mendi Ibilbideko logistika guztian egindako lanagatik. "Zuek gabe ezinezkoa litzateke klubeko jarduerak antolatzea. Eskerrik asko LOTME K.K. hazten jarrai dezan  zuen denborarengatik  .
 
Era berean, kirol elkarteak eskerrak eman nahi dizkio Lasarte-Oriako Udalari horrelako ekimenak antolatzeko ematen duen laguntzarengatik.
 
Mendi Festa martxan
 
Bestalde, LOTMEko kideek gogoratu dute irailean egingo den IV. Lasarte-Oriako Mendi Festako izen ematea uztailaren 1ean irekiko dela euren webgunean.

Argazki galeria: Txintxarri / LOTME