Fernandez anaiak: "Pertsona bakoitzeko metro eta erdi oihal koloretsu behar izaten da blusa bat osatzeko"
30 urte baino gehiago igaro dira Fernandez Ehunak dendako jabe Iñaki eta Gatza sanpedroetarako blusak egiteko oihalak saltzen hasi zirenetik. Lasarte-Orian aipatu jantziaren erabilera "oso errotuta" dagoela uste dute. Dena den, kontatu dute eurak haurrak zirenean ez zegoela blusak erabiltzeko ohiturari: "Gerora, pixkanaka indarra hartzen joan eta gaur egun, festen adierazle dira.
Oihal "ikusgarri eta koloretsuak" eskatzera joan ohi zaizkie bezeroak, "halakoak" behar dutelako izan.
Aurten, eskari ugari izan dituztela azpimarratu dute saltzaileek, eta, hori, pandemiaren ondorioz ere gertatu dela uste dute: "Bi urte egon gara herriko festarik egin ezinik, eta aurten, sekulako oihal pila saldu dugu. Jendeak festarako gogo izugarria duela antzematen da".
Eurek baino hobe ez daki inork jantzi bat egiteko zenbait ehun behar den. Zehazki, Fernandez anaiek hala esanda, metro eta erdi oihal behar izaten du pertsona bakoitzak blusa bat egiteko.
Teknologia berrien eragina ere antzeman dute ehun dendan. Kontatu du duela gutxira arte dendara bertara joaten zirela bezeroak oihalak aurrez aurre ikustera, baina, egun, WhatsApp bidez egiten dutela aukeraketa eta erosketa: "Dendara etorrita saltsa ederra sortzen zen, zein oihal aukeratu eztabaidatzen zuten, ederra izaten zen; orain, ordea, erosoagoa bihurtu da metodoa".
Kontatu dute gazteek oihalen kalitateari baino, koloreduna izateari ematen diotela garrantzia.
Ziur aurtengo sanperoetan makina bat blusa sorta berri kaleratuko dituztela lasarteoriatarrek; ezagunak izango dituzte gehientsuenak Fernandez anaiek.
Ione Artola: "Urteen poderioz indartu egin da herriko jaietan blusak erabiltzearen ohitura"
Kuadrilla blusek "koloretsuak, alaiak", behar dute izan Ione Artolaren iritziz: "Festak alaitasuna dira, gozamena eta blusek horren erakusle behar dute izan, alaiak".
Jostun ari den urte luze hauetan guztietan josi ditu makina bat, bezero bakoitzaren nahi eta gustuen neurrira egin ditu beti. Gehientsuenak irekiak izan ohi direla nabarmendu du, %90a, baina eskatu izan dizkiote baita ere erabat itxiak; eskaera horiek azken urteetan nagusitu direla kontatu du.
Mahukak ere izaten dituzte gehienek, baliagarri dira jantzita baino, soinean lotuta eramateko; uda sasoian ospatzen dira jaiak, eta tenperatura altuei aurre egiteko gerrian lotu ohi dituzte erabiltzaile gehienek. Izaten dira mahukak gainerako blusaren tela ez beste oihal ezberdin batekin egitera animatzen direnak, baina gutxiengoak egiten du horrela: "Ohikoena blusa osoa ehun berarekin osatzea da".
Jantzi horiek osatzeko erabili beharreko oihalen gainean ere galdetu dio aldizkariak jostunari eta modu garbi eta azkarrean erantzun dio: kotoia.
Ziur sanpedroetan herritar batek baino gehiagok luzituko duela Artolak jositako blusarik. Asko sortu ditu Lasarte-Oriako sanpedroetarako, baina baita beste herriko festetarako ere, santixabeletarako (Usurbilgo Jaiak) esaterako. Aurten, ordea, ezinezko egin zaio lan horietan aritzea beste zeregin batean ari baita buru-belarri. Momentuz ezin dugu informazio gehiegirik aurreratu, baina spoiler handirik egin gabe konta dezakegu Cristobal Balentziaga moda diseinatzaile ezagunari buruzko telesail baterako jostun lanetan ari dela. Ez da bertan parte hartzen ari den herritar bakarra, baina aurrerago argitaratuko dugu informazio hori.