Kostata, baina piztu dute sua

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko eka. 23a, 23:24

San Joan sua piztu du Lasarte-Oriak, baina ez berehalakoan. Euri zaparrada batek kili-kolo utzi du ospakizun ekitaldia, baina aurrera atera da azkenean. Hiru urte itxaron eta gero, herritarrak ez dira kikildu.

San Joan sua, aurten b(l)ai! Irakurtzen segi aurretik, barkamena eskatu behar dizut, irakurle. Badakit: oso txiste txarra izan da, baina ez gaur iluntzeko eguraldia baino txarragoa. Bazirudien okerrena pasa zela eta zeruak tregoa emango zuela, emanaldia egin eta sutzarra piztu bitartean behintzat, baina ez: ongi etorri Euskal Herrira. Udan sartu garela diote, baina bada zalantzan jartzeko modukoa. Edonola ere, gauza bat behintzat ez da aldatu: gaurkoa izango da egun luzeena eta gau laburrena. Hori bai, 2023ko sutan erretzeko gauza txarren zerrenda prestatzerakoan, inori ez dakiola ahaztu euria idaztea. Letra larriz.

Ohiturari jarraiki, Erketz EDTko dantzariak eta udal korporazioko ordezkariak udaletxe zaharreko arkupeetan elkartu dira. Tanta batzuk bota ditu, baina ekitaldi hasierari behintzat ateri eutsi dio, eta lehenengo dantza Kale Nagusian egin dute. Ondoren, dantza taldeko musikariek gidatuta, Andatza plazarantz joan dira, eta Alboka abesbatzako nahiz Zero Sette Akordeoi Orkestrako kideekin elkartu dira, sua piztu aurreko ikuskizunari ekiteko. Ondo ari ziren, beti bezain fin eta gogotsu, euri jasa izugarri batek bertaratu diren guztiak hezurretaraino busti dituen arte. Erketzeko kideak saiatu dira errepertorioarekin jarraitzen, ezinezkoa izan den arte. Etenalditxo bat egitea erabaki dute, zaparrada apaldu arte.

Jarraitzea ezinezkoa izan den arte eutsi diote dantzariek. Minutu batzuen ostean itzuli dira.

 

Horretan ari zirela, Agustin Valdivia alkatea eta Kultura saileko teknikari Juantxi Ugarte sua pizten saiatu dira. Bazirudien ez zutela lortuko, baina pazientziaz eta herritar ugariren zein udal brigarako beharginen laguntzaz (zenbait ikaslek apunteak eskaini dizkiete), lortu dute. Hala ere, ez da izan beste urte batzuetan bezain indartsua, gar baino ke gehiago botatzen baitzuen sutzarrak ia.

Suak Andatza plaza argitzen zuela ikusita, enparantza erdira itzuli dira Erketz EDTko eta udal korporazioko dantzariak, eta amaitu gabe utzi dutena errematatu dute, txukun-txukun. Egindako lanagatik amaieran jaso duten txalo zaparrada euriarena baino ozenagoa izan da. 

Garrak itzali bitartean, eramandako guztia bertara jaurti dute lasarteoriatarrek, 2023a hobea izango denaren itxaropenez. Ea behintzat ez duen ur tantarik botatzen datorren urteko ekainaren 23an. 

 

 

Erlazionatuak

Lehen dantzaldia, Kale Nagusian

Txintxarri Aldizkaria 2022 eka 23 Kultura

Gauza txar guztiak, sutara!

Txintxarri Aldizkaria 2022 eka 23 Kultura