ESKUTITZA

Lasarte-Oriako Mugimendu Feministaren gutuna

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 24a, 08:00

Lasarte-Oriako herritarrei berdintasun teknikariaren auziari buruz gogoeta bat helarazteko asmoz, herriko mugimendu feministak gutun bat bidali du TXINTXARRI-ko erredakziora.

Beste ezer baina lehen argi utzi nahi dugu gatazka hau ez dela udaletxeko langile berriaren eta ezta lanez gainezka dabiltzan beste ezein gizarte langileekin dugun gatazka, ez da haien ardura, noski. Udaletxearen eta udaletxeko ordezkari publikoen kudeaketa eskasaren ondorio da herrian bizi dugun egoera.

Dakizuen bezala denbora daramagu udaletxeari bere betebeharrak behar bezala burutu ditzan eskatzen. Aitzakia, gezur eta manipulazio artean, heldu da langile berria.

Oraingoan, zehazki, alkateari zuzenean egindako eskaeraren erantzunak haserretu gaitu: gaiari buruz hitz egiteko bilera bat eskatu diogu, eta izandako erantzunarekin argi eta garbi utzi dute, beste behin ere, daukaten jarrera: ez digu bilerarik eman eta kontraesanez eta gezurrez betetako gutun bat jaso dugu erantzuntzat. Oso larria iruditu zaigu, batez ere, berdintasunaren alde erakunde publikoen eta herriko beste eragileen artean elkarlana ezinbestekoa dela behin eta berriro errepikatzen ari direlako. Gezurtitzat eta tuntuntzat hartu gaituzte. Segidan aletuko ditugu gure eskaerak, eta jasotako erantzuna.

Guk udaleko egituran berdintasun teknikari lanpostua sortzea eskatu genuen. Eta, haiek, kontrara, guri bidalitako gutunean argi azaltzen dutenez, gizarte langile baten postua berdintasun masterra duen pertsona batekin bete nahi dute. Hiru urtez bakarrik, gainera.

Bestalde, II. Berdintasun plana edukiz nahikoa mardula ez dela iritzita, hori berregiteko diru partida bat jasotzea eskatu dugu. Haien erantzuna kontraesankorra da. Garai batean, aldizkari honetan bertan onartu zuten gabeziak zituela txostenak [maiatzaren 11ko TXINTXARRI-n]. Orain jaso dugun gutunean hitzez hitz diote “jauzi kualitatibo eta kuantitatibo garrantzitsua egiten duela” planak.

Amaitzeko, erabakitzeko ahalmena izango duen elkarlanerako organo bat sortzeko eskatu genuen. Gutunean diote elkarlanerako prestutasuna badutela, baina era berean II. Berdintasun Planerako ez direla gurekin harremanetan jarri “eratuta ez gaudelako”. Honek ere zalantza sortu digu, izan ere, gure taldea osatzen duten hainbat eragilerekin harremanetan jarri izan dira, besteak beste festetako protokoloa eratzeko edota martxoaren 8ko edo azaroaren 25eko egitaraua prestatzeko. Baldintzak eman badira, halakoetan parte hartu izan dugula gogorarazi nahi dugu, beraz, oinarria ona balitz, elkarlanerako prest geundekeela azpimarratu nahi dugu.

Edonola ere auzi berean kateatuta denbora luzea daramagula iruditzen zaigu, eta oinarrizko eskaerak ere betetzen ez direla kontuan hartuta, Arartekora eta Emakundera jo dugu legeak udalari ezartzen dizkion eginbeharrak bete ditzan eskatzeko.

Denborak aurrera jarraitzen du, eta egoera zaurgarrian dauden pertsonen bizitzak jokoan segitzen dute. Udalak erantzukizuna dauka, eta beregain ez hartzea indarkeria matxista instituzionala da.