Aimar Sukuntza herritarra junior mailako podiumera igo zen Lekeitioko Triatloian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 24a, 09:00
Aimar Sukunza (atzeko taldean, ZMTko mailotarekin), Lekeitioko XXIX. Triatloian lehiatu zen. Arg.: Gonzalo Sukunza.

Triatloi denboraldia aurrera doa. Hilaren 18an, Lekeition izan zuten hitzordua kirolariek eta sprint distantziako Euskadiko Txapelketa ere jokoan izan zen. Herriko hainbat ordezkari izan ziren lehian proban eta horien artean, Zumeatarra taldeko Aimar Sukuntza eta Trinko taldeko Itsaso Tolosa lehen postuetan izan ziren. Sukuntzak gainera junior mailako brontzezko domina eskuratu zuen

Nazioarteko parte-hartzaileak izan ziren hilaren 18an, Lekeitioko XXIX. Triatloian. Kirolariek 750 m. igerian, 21 km. bizikletan eta 5 km. lasterka egin behar  zituzten. Ines Moreno arabarrak eta Kurt Macdonald australiarra izan ziren azkarrenak helmugan. Morenok gainera Euskadiko txapela jantzi zuen; gizonezko mailan, Urko Herran arabarrak eskuratu zuen Euskadiko txapelketa. Lasarte-Oriako kirolariak ere izan dira lehen postuetan. 

Zumeatearra taldeko Aimar Sukuntza herritarra hamahirugarren postuan iritsi zen helmugara. 01.04.25 denbora behar izan zuen ibilbidea egiteko eta marka horri esker, junior mailako Euskadiko txapelketan hirugarren postuan sailkatu zen.

Aimar Sukunza, Lekeition lortutako brontzezko dominarekin. Arg.: Gonzalo Sukunza.

Trinko taldeko Itsaso Tolosa, berriz, seigarren postuan sailkatu zen 01.20.17 denborarekin.

Ez zen proban parte hartu zuen herriko kirol taldeko kide bakarra izan, Asier Gorostegi (01.16.40), Mikel Izagirre (01.19.36) eta Iñaki Urchueguia (01.23.02) ere lehian izan ziren. Klubetako txapelketan hogeita bosgarren postuan sailkatu ziren.

Zumeatarra taldeko Ibai Izagirre herritarrak, berriz, txirringako eremuan proba uztea erabaki zuen.  

Asteburu honetan, Donostian bi hitzordu izango dira. Larunbatean, Emakumeen Triatloia antolatu da eta iganden, berriz, Donostiako Triatloia Onditz Oroimenezkoa jokatuko da.