Buruntzaldea IKTko alebinak podiumera igo dira Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 22a, 12:30
Buruntzaldea IKTko gazteak hainbat dominekin, lehiaketa ostean. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko zazpi igerilarik Alebin Mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatu zuten hilaren 18an eta 19an, Ordizian. Ederki egin zuten igeri gaztetxoek; hamar domina eta hainbat marka ontzeaz gain, Euskal Herriko txapelketarako gutxieneko berriak ere egin zituzten

Ordiziako Majori kiroldegian bildu ziren asteburuan Gipuzkoako alebin mailako igerilariak. Horien artean, Buruntzaldea IKTko Iñaki García, Mario Amantegi, Ibon Elola, Oihan Matute, Nora Miguelez, Amaiur Iparragirre eta Nora Rey kideak izan ziren. Gaztetxoek ederki egin zuten igeri. Markak ondu eta bostek podiumera igotzea lortu zuten. Guztira hamar domina jantzi zituzten: 

  • Iñaki Garcia: urrea, 200 m. bizkar eta 100 m. estilo probetan eta brontzea, 200 m. lau estilo proban.
  • Mario Amantegi: urrea, 400 m. lau estilo proban eta brontzea, estilo libreko 200 m. eta 400 m. probetan.
  • Ibon Elola: zilarra, 100 m. bizkar proba eta brontzea, 200 m. bizkar proban.
  • Amaiur Iparragirre: brontzea, 200 m. bular proban.
  • Nora Miguelez: brontzea, 100 m. tximeleta proban.

Markei dagokionez, Elolak eta Amantegik Euskal Herriko Txapelketarako sailkatze berriak lortu zituzten. Elolak 400 m. libre proban eta bizkar estiloko 200 m. proban eta Amantegik estilo libreko zein lau estiloko 400 m. probetan. Garciak, berriz, aurretik zituenak berretsi eta hobetu zituen, 100 m. lau estilo probakoa kasu.

Horrez gain, mutilek hiru errelebo probetan lehiatu ziren. Podiumetik gertu geratuarren, ez ziren esku hutsik itzuli. Estilo libreetako  4x100 m. zein 4x200 m. probetan Euskal Herriko txapelketarako txartela eskuratu zuten.

Igeriketa taldeko prestatzaileak pozarren daude gazteek egindako lanarekin: "Ondo lehiatzen jakin zutela esan behar dugu, proba bakoitzean ahalik eta gehien saiatuz eta, bereziki mutilen kasuan, proba programa mardul bat burutuz, banakako probaz gain, erreleboei aurre egin behar izan baitzieten Euskal Herriko Txapelketarako gutxienekoak lortu ahal izateko".

Elola, Amantegui eta Garciak ez dute atseden hartzeko astirik izango. Asteburu honetan lehiatzen baita Euskal Herriko Txapelketa. Hitzordua Getxoko Fadura kiroldegian izango da.

Hirugarren brontzea

Bestalde, era ezin hoberan eman zion amaiera taldekide Nahia Zudairek Igeriketa egokituko Munduko txapelketari. Hirugarrenez brontzazko domina jantzi zuen.

Hilaren 18an, 34 puntuko estilo libreko 4x100 m. erreleboko finalean igeri egin zuen Zubietako gazteak Iñigo Llopis, Sarai Gascon eta Ariel Schrenck lagun zituela. Laukoak hirugarren postua eskuratu zuen. Italia eta AEBko taldeak bakarrik izan zituen aurretik.  

Nahia Zudaire, bigarren ezkerretik hasita, probako podiumean. Arg.: BAT Basque Team.