Jarduera ugari prestatu ditu Biyak Bat egoitzak datozen egunetarako

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ekainaren 22a

Biyak Bat egoitzako kideek ez dute aspertzeko astirik izango datozen egunetan. Gaur, esaterako, hainbat jokotan ariko dira: toka, igela eta botea. Isla plazan elkartuko dira, 16:00etan. Bihar goizean gimnastika erakustaldia egin eta kontzertua izango dute: Biyak Bat eta Añorgatik etorritako Gure Kabia koruek abestuko dute, Ama Brigitarren komentuan, 18:00etan.

Bihar goizeko gimnastika erakustaldia 10:30ean hasiko da, Maialen Chourraut kiroldegian. Hilaren 27an, astelehenarekin, jokoetako sariak banatuko dituzte egoitzan bertan, 18:00etan. Bestalde, San Pedro Jaien egitarauaren barruan, lerroko dantza erakustaldi bat aurrera eramango dute, hilaren 30ean, ostegunez, 11:00etan Okendo plazan.