Adarra saria jasoko du gaur Joseba Tapia herritarrak, Donostian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 21a, 10:00

Azken lau hamarkadetan euskal musika herritarra jaso eta zabaltzeko egin duen lana aintzatesteko asmoz, Donostiako Udalak Joseba Tapia lasarteoriatarrari emango dio aurtengo Adarra saria, gaur, 19:30ean. Ondoren, kontzertu bat emango du, Victoria Eugenia antzokian. TXINTXARRI aldizkariak lasarteoriatarrari egindako elkarrizketa ostiral honetako zenbakian irakurri ahalko duzue.

Trikitixa eskuetan, euskal musika han eta hemen zabaltzen dihardu Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, 1964). Xabier Berasaluze Leturia-rekin zein bakarka, ibilbide oparoa egiten ari da, horren erakusgarri, azken lau hamarkadetan argitaratu dituen lan mordoa. Azkena, Egon edo ez egon, iaz. 

Lasarte-Orian, azkenaldian, 1936ko estatu kolpea eta horrek gure herrian izan zituen ondorioak ikertzen dituen Islada Ezkutatuak taldearen egitasmoetan ikusi izan dugu, hala nola garai horietan jazotakoa eraikitzen laguntzeko testigantzak eman dituzten herritarren eskertza ekitaldietan edo horiek biltzen dituen Testigantzak liburuaren aurkezpenean.