Boliviako amazoniako kantek eta dantzek bete dute kultur etxea

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 19a, 22:35

Moxoseko San Ignacio Musika Eskolako taldeak bere azken diskoa Majara'Iwa aurkeztu du Manuel Lekuona Kultur Etxean egindako emanaldian. 

Ensamble Moxos orkestra Boliviako amazonian dagoen Moxoseko San Ignacio herriko Musika Eskolaren ikurra da, eta boliviar ekialdeak munduan duen kultura-enbaxadore nagusi bihurtu da. Lasarte-Oriara ekarri duen Europako biran hogei kontzertu eman ditu azken hilabetean, horietako bost Gipuzkoan.

2003an egin zuten lehen bira eta ordutik behin baino gehiagotan etorri dria Euskal Herrira, beraien "bigarren etxera". Hala, gogoratu du Raquel Maldonadok saioaren erdialdean ikus-entzuleei esandako hitzetan. Ibilbidea oparoa dute, oraingoan Majara'Iwa zazpigarren lanaren edukia aukeratu dute. Izenak "santua" eta "dirdira" esan nahi du.

Ikuskizuna kolonia garaian gertatutako mestizajearen amalgama bat da. Moxos jesuiten misio baten gune izan zen, eta Europatik inportatutako musikarekin uztatu dute jatorrizko adierazpena. Izan ere, musika euren identitatea eta historia berreskuratu, eta hori aldarrikatzeko bidea da.

Taldekide guztiak San Ignacio de Moxoseko indigenak dira, bertako musika eskolakoak eta emanaldi horiei esker lortzen duten dirua eskolarentzako finantzazioa lortzeko bide bat dira. Taupadak GKE bidasoarraren laguntza izan dute urteotan

Erlazionatuak

Ensamble Moxos taldearen emanaldia

Txintxarri Aldizkaria 2022 eka 19 Kultura