Euskal dantzen erakustaldia egin du Erketzek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 18a, 20:59

Sanpedroak ate joka datoz eta horrek esan nahi du ikasturtea ere amaitzear dela. Erketz EDT dantza taldeak emanaldia egin du arratsaldean Okendo plazan. 

Eguraldia gaur ez zen dantza egiteko aproposena, ezta eguzkipean dantzan ari zirenak ikusteko ere. Musikariek entseguak egin dituztenean plazan, beroa ia jasanezina zen. 19:00etan emanaldia hasi dutenerako, ordea, lainotu eta tenperatura jaitsi da. 

San Pedro Jaien aurreko emanaldia egin dute Erketz EDT, Erketz Txiki eta Erketzen Dantza Lagunak taldeek ordubete inguruz. Azken hilabeteetan landutako piezetako batzuk eskaini dizkiete bertaratu direnei euskal dantzen erakustaldian. Plaza inguruko eskerleku guztiak bete dira eta beste ikusle askok zutik edo lurrean eserita jarraitu dute saioa.

Joxe Mari Arrutik aurkeztu ditu dantzak eta bera izan da ere taldean mende laurden daraman Ainara Aduriz deitu duena oroigarri bat emateko. Besarkatu eta beste kide baten eskutatik jaso du plaka. Ondoren, Lierni Rekondo dantza kideak bertso bat abestu dio.