Motorren hots eta keak bete du herria asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 18a, 13:57

Scooter Club Euskadi elkarteak scooter motako motorren topaketa egin du asteburuan Lasarte-Orian. Bi urteko etenaren ondoren, gasolina usaina eta burrunba hotsa bueltatu dira herrira. 

Hogeigarren urteurrena ospatu ezinik egon dira COVID-19ak eragindako egoeragatik, baina aurten berriro hiru eguneko rallya antolatu dute. Atzo iritsi ziren lehen motorzaleak herrira eta haien erakusketa egin zuten Donostia etorbidean. Santxo tabernan afaldu ondoren, Buenetxea taberna izan zuten topagune, bertan egindako kontzertuez gozatzeko. 

Gaur, berriz, Okendo plazan bete dute. 10:00etan hasita, vespak eta lambrettak bertan utzi eta eguzkitik babesteko Tiburtzio Artizar tabernako eguzkitakoen azpian bilatu dute itzala. Ez ziren asko kalean zebiltzan herritarrak, baina ingurutik pasatu diren guztien arreta bereganatu dute ibilgailuek. Haien artean zaharrena 1950 urteko bat, Realeko kolorez margotua, bandera eta guzti. Jabeak 18 urte zituela erosi zuen eta berarekin egon da ordutik. Motorazaleetako batek goitik-behera zeharkatu du hainbatetan zabalgunea, motorraren giltzak zituen zakutxoa topatu ezinik.

Terraza inguruan barrikotea egin dute. Sagardoarekin batera pintxoak ere eman dizkiete antolatzaileek hamaiketakoa egiteko. Txotx egiten ari zirela, Pontxo Morales eta Tomas Arrutik egin diete bi motorren gainean jarritako txalaparta jo dute. 

Eguerdian, 85 kilometroko txangoa hasi behar zuten, baina ordu erdi baino gehiago atzeratu dira. Ilara luzea osatu dute errepidean eta motorren hotsak bete du gunea. Hernaniko Jauregi jatetxean berdinduko dute gosea, arratsalderako indarrak hartzeko.  Andapa kalean jarriko dituzte ikusgai ibilgailua eta garagardo kupelak Genesis tabernan. Gauean, berriz, Bonzos eta Neumaticos Cheinwz taldeek joko dute Buenetxea tabernan. 

Datorren urtera arte agurtu aurretik, motorrak ikusi nahi dituztenek aukera berri bat izango dute bihar 12:30ean Arkupe tabernan.