Egoitza berriaren ateak zabaldu ditu Lasarte-Oriako EH Bilduk

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 18a, 15:55

Larunbat eguerdian Sagardotegi kaleko lokal berriaren irekiera egin du Lasarte-Oriako EH Bilduk. Datorren urteko udal hauteskundeei begira hori izango da alderdiaren topagunea, baina ordutik aurrera ere izaten jarraitzea nahi dute. Zenbait herritar eta aldeko kide bertaratu dira ekimenera. 

Egun beroa izanda, kalean, lokal berriaren aurrean gelditu dira bertaratutakoak eta pintxopoterako hamaiketakoa ere karpa baten azpira atera dute. Talde argazki bat egin dute hasi aurretik eta lehen mokaduekin batera Asier Gorostegi alderdikideak hitz batzuk esan ditu. 

Gaur ikusi ez duenak, aurrerantzean ere izango du aukera. 2023ko udal hauteskundeak arte, gutxienez, bertan egongo dira; nahiz eta asmoa bertan luze gelditzea dela adierazi du. "Talde honen helburuetako bat bada lokala iraunkortzea, 2023az haratago ere. Espero dugu lan txukun bat egitea”.

2019an hasitako bidearen "emaitza" izango da datorren urtean jasoko dutena. Hori dena delakoa dela, lokalari eutsi eta orain arte egindako lanarekin jarraitzeko asmoa berretsi du.

Udalgintza barruan "lan potente bat dago, gobernuan egon edo ez” eta orain arteko bideari eutsiko diotela gehitu du. Moduak “zaharkitu” egin direla uste du Gorostegiki, "garai bateko lan moduekin jarraitzen dute. Gure helburua da horiek aldatzea bai oposizioan egon bai gobernuan". 

Legealdi honetan Herrigintzen prozesua martxan jarri dute. “Oinarrizko” egitasmo horren ingurukoak lokal berrian biltzea espero dute. Lan "zaila" izaten ari dela aitortu du EH Bilduko kideak, egoeragatik, "gure helburuak ez ditugu %100 bete". Hala izan dadin eta datorren urtean emaitza onak lortzen jarraituko dutela baieztatu du Gorostegik, baina gaur “gozatzeko” unea da.

Mokaduaz gain, joan direnei opariak zituen poltsa bana eman diete.