LOKEko sailek asteburuan ederki emango diote amaiera ikasturteari

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 15:00
2019 urtean egin zuten LOKEko kideek ikasturte amaierako azken bazkaria. Irudian, gimnastikako taldea.

Bi urteko etenaren ostean, Lasarte-Oria Kirol Elkartea (LOKE) osatzen duten kirolariek ikasturte amaierako jaialdia egingo dute. Erakustaldiak egingo dituzte gimnastika erritmikoko zein judoko kideek eta igandean, atal guztietako kideak bilduko dira bazkari baten bueltan; bertan sail bakoitzak kirolariei sari eta oroigarriak banatuko dizkie

Gimnastika erritmikoa, judoa eta tenisa. Horiek dira LOKE osatzen duten hiru atalak. Pandemiaren eraginez, azken bi urteetan ezin izan dira batu ikasturte amaiera ospatzeko. Igande honetan izango da hitzordua Usurbilgo Atxega jatetxean.

LOKEko kirolariek denboraldian zehar emaitza paregabe ugari lortu dituzte. Horregatik, bazkal ostean, hiru ataletako arduradunek kirolari horietako batzuen lana sarituko dute oroigarriak banatuz.

Erakustaldiak

Aurretik, ordea, gimnastika erritmikoko eta judoko kirolariek ikasturtean zehar ikasitakoaren erakustaldiak egingo dituzte Maialen Chourraut kiroldegian.

Lehenik, larunbatean 16:00etan. Kirol elkarteko gimnastek beroketak, txirinbueltak, tresna ezberdinekin lanak... adinaren arabera, euren trebetasuna erakutsiko dute tapizean. 

Igandean 10:00etan, berriz, judo ataleko kide guztiak bilduko dira. Horiek ariketa ezberdinak, katak, borrokako teknikak, etab. erakutsiko dituzte. 

2019an LOKEko kideek egindako erakustaldietako irudiak.