Etorkizuneko ogibideak irudikatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 11:41

Oriarte ikastetxeko DBH2 mailako ikasle talde batek etorkizuneko lanbideak irudikatu ditu maketa batean. Lan eta lan aritu dira hainbat hilabetez eta gaur goizean erakutsi diete ikastetxeko gainerako ikaskideei. Jatetxe bat, dantza eskola bat, programazio eta jokoen negozio bat ikus daitezke sortutako lanean, baina ez hori bakarrik; fisioterapia zentroa, bizarra eta ilea mozteko eraikin bat eta animaliak zaintzeko eta albaitaritza lanak egiteko beste bat ere bai. 

Tren batek ere gurutzatzen du maketan irudikatutako ingurunea, tren gidari izan nahi duen ikasle bat ere badagoelako taldean, eta hondeamakina eta garabiak ere ikus daitezke; herri lanetan aritu nahi duen ikasleak egin ditu horiek. Kultur eragile izan nahi duenak, aldiz, kultur etxe baten eraikina osatu du, eta mekaniko lantegi bat ere egin du lan horietan aritzea amets duenak. Oriarte institutuari ere egin diote lekua, eta ospital bat ere eraiki dute. 

Pozik agertu dira ikasle eta irakasleak egindako lanarekin, eta zirraraz erakutsi dute sortu dutena.