Nahia Zudairek bi brontzezko domina jantzi ditu Munduko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 09:15
Arg.: Espainiako Paralinpiar Komitea.

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire Madeirako hiriburu Funchalen, Portugalen lehiatzen ari den Igeriketa Egokitutako Munduko txapelketan parte hartzen ari da S8 mailan eta emaitza ederrak izan ditu

Hilaren 12an eman zion hasiera lehiaketari igerilari gazteak eta 400 metro estilo librean lortu zuen lehen domina. Proba hasieratik hirugarren postuan kokatu eta ederki eutsi zuen amaierara arte.

Bigarrena 4x50 m. 20 puntu estilo errelebo proban eskuratu zuen. Lauko taldea Zudairek, Miguel Luque, Toni Ponce eta Marta Fernandez Infantek osatu zuten. Hirugarren postuan zihoan taldea eta azken luzea egin zuen gazteak. Ederki igeri egin eta ehuneko gutxirengatik ez zuen zilarrezko domina eskuratu laukoak.  Proba hori lehiatzeko 100 m. tximeletako kanporaketa lehiatzeari uko egin zion gazteak.

100 m. libreko final zirraragarrian ere lehiatu zuen. Brontzezko dominetik gertu izan zen, hiru ehunekotara, eta Espainiako errekor berria ezarri du, 1.08,26.