Militante gisa bizitakoak kontatu dizkie Jake MacSiacais-ek lasarteoriatarrei

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 10:30

Jake MacSiacais Irlandako militante errepublikarrak bere azken liburuan bildutakoen berri eman die lasarteoriatarrei. Xirimiri elkartean batu dira; berrogeita bost minutuko hitzaldia eskaini du, eta entzuleek galderak egiteko aukera izan dute saioa amaitu aurretik

Herritar talde batek gonbidatuta, Jake MacSiacais irlandar militante errepublikar eta IRA  erakunde armatuko kide izandakoak hitzaldia eman du asteazken arratsaldean, hilak 15 Xirimiri elkartean. Irlandaren batasuna eta Gaelikoa – Irlandako jatorrizko hizkuntza– berreskuratzearen alde egindako aktibista lana kontatzen duen liburua idatzi du, eta hori lasarteoriatarrei aurkeztera etorri zen. Bertan bildu ditu gaztetan aktibista gisa hasi zenetik 1997ko IRAren su etenera arte militantea bezala bizitakoak. Ingelesez eman du hitzaldia MacSiacaisek, eta Iñaki Lopez de Luzuriaga historialari lasarteoriatarra arduratu da hizlariak esandakoak euskarara ekartzeaz.

Euskaraz eman zien ongi etorria MacSiacaisek hitzaldira joandakoei, eta aitortu, "ohorea" izan dela berarentzat gonbita jaso izana.  Gaineratu du "plazer handia" zela Euskal Herrian egotea, ikusten duelako "izpiritu berarekin borrokatzen duten bi herrien arteko harremana estua dela, sinergia bat dagoela bien artean".

Bere buruaren aurkezpena egin zuen gero. 1958. urtean jaio zen, familia "xume" batean, eta bederatzi anai-arrebetatik hirugarrena da. Azaldu zuen bere amak ehundegi batean lan egiten zuela, eta, aitak, aldiz, autobusetako txartelak balioztatzen, horiek zirelako irlandes katolikoek garai haietan egin zitzaketen lan bakarrenetakoak.

60. hamarkadan irlandar katolikoen aurka gertatutako errepresio "zakarraz" aritu zen gero: "Hainbat eskubide zibil aldarrikatzen hasi ziren, lan arloko segregazioa amaitzea, besteak beste, eta orduko erregimenaren erantzuna errepresioa izan zen". Garai haietan gertatzen ari zena "onartu ezinik", "jarrera aktiboa hartzea" erabaki zuen eta hor hasi zen bere militantzia. Aktibista ibilbidean bi espetxealdi jasan behar izan zituela ere kontatu zuen, eta gose greba bat ere egin zuela 1981. urtean.

Saioa amaitu aurretik, hizlariari galderak egiteko aukera izan zuten entzuleek.