Ekaineko emanaldi sortari Irunen ekingo dio Alboka abesbatzak, bihar

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 08:21

Alboka abesbatzak lau kontzertu emango ditu bihartik hasi eta hilaren 29ra arte, San Pedro egunera arte. Lehenengoa, Irunen, San Pedro eta San Marcial jaien aurretiko egitarauaren barruan. Nayade abesbatzak gonbidatuta, Santiagoko Euskal Jai pilotalekuan ariko da, 19:30ean. Eguraldi txarra egiten badu, Kontserbatorioko aretoan abestuko dute.

Montse Latorreren zuzendaritzapean, abesbatzak honako doinu hauek kantatuko ditu biharko emanaldian:

  • Izar ederra - Josu Elberdin
  • Itsasoa laino dago - Lesbordes
  • Durme durme - Sefardi doinua, Audreysnyder-ek moldatua
  • City of stars (La la land) - Justin Hurwitz, Roger Emerson-ek moldatua
  • Lau teilatu - Itoiz, Javier Gonzalez Sarmientok moldatua
  • Maximina - Kolonbiako doinua, Julian Gomez Giraldok moldatua
  • Martxa baten lehen notak - Mikel Laboa, Jose Manuel Urrejola del Rosariok moldatua

Javier Gonzalez Sarmiento piano jotzaile eta konpositorea Albokako kideekin batera ariko da zenbait abestitan, eta abeslariak ere izango dira protagonista, solista edo perkusio jotzaile gisa. Irungo emanaldia pandemiak halabeharrez eten zuen elkartrukearen bigarren saioa izango da: Nayade abesbatzak 2019ko Eguberrietako kontzertuan parte hartu zuen, Ama Brigitarren komentuan.

Hurrengo emanaldiak

Hilaren 23an, Alboka abesbatzak San Joan suaren ekitaldian parte hartuko du, Zero Sette Akordeoi Orkestrarekin batera; herritarrek dantzatzen duten sokadantzari musika jarriko diote. Bi egun geroago, ikasturte amaierako kontzertua emango du, Ama Brigitarren komentuan, 19:30etik aurrera. Azkenik, San Pedro eguneko (hilak 29) meza nagusian parte hartuko du, herriko festak direla-eta.