Buruntzaldea IKTko Garazi Etxeberria eta Hernaniko Santiago Perezek eskuratu dute Lasarte Saria

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 16a, 15:13
Lasarte Sariko garaile Santiago Perez eta Garazi Etxeberria podiumean. Arg.: KHP - Foto. Gipuzkoa Natacion

Igerilariez bete zen hilaren 11n eta 12an Lasarte-Oriako Maialen Chourraut kiroldegia. Lasarte 31. Saria lehiatu zen. Aurten bi jardunaldi ezberdin egin ziren eta hainbat talde izan ziren gonbidatu

Larunbat arratsaldean, hilaren 11n, benjamin kategoriako haurrak aritu ziren, hau da, 2013tik  2011ra jaiotako neska-mutilak eta 2010eko mutilak. 

Jardunaldi honetan, Buruntzaldea IKTko gaztetxoez gain, Ordizia eta Hernani taldeetako haurrak ere parte hartu zuten. 
Benjamin A mailako txikienek estilo ezberdinetako 50 m. proba eta 100 m. lau estiloak jokatu zituzten; B mailakoek, berriz, estilo ezberdinetako 100 m. probak eta 200 m. lau estiloak. 

Igerilari bakoitzak proba bakarra egiteko aukera bazuen ere, australiarra kanporaketa probaz ere gozatu zuten gazteek.

Horrez gain, entrenatzaileen  aurka ere jardun ziren 40 igerilari errelebo erraldoi batean.

 Benjaminak australiana probarako prestatzen. Arg.: KHP - Foto. Gipuzkoa Natacion


Igande goizean, berriz, igeriketa taldeko gainerako mailako kideen txanda izan zen eta Iruñako Amaya, Zarautz Balea, Hernani KE, Ordizia eta Fortuna taldeetako kideei aurre egin behar izan zieten.

Hiru mailatan banatu ziren sariak alebinak, infantilak eta junior-absolutuak eta horren arabera, hainbat proba lehiatu zituzten: estilo ezberdinetako 100 m. probak. 400 m. libreak eta 200 m. zein 400 m. lau estilo probak.

Igerilari bakoitzak bi probatan parte hartu ahal izan zuen. Buruntzaldeako kideak podiumera igo ziren; FINA puntuazio handiena lortu zuten bi igerilariek, gainera, sari nagusia eraman zuten. Eta dominez gain, Buruntzaldea IKTko Garazi Etxeberria eta Hernani taldeko Santiago Perez gazteek sari berezia eraman zuten etxera.

Gipuzkoako txapelketa

Eta hitzordu berezi honen ostean, alebin mailako igerilariek ez dute atsedenik izango. Hilaren 18an eta 19an, Gipuzkoako Udako txapelketa lehiatuko dute, Ordizian.