Udalbatzarreko alderdi guztiek bat egin dute etxeko eta merkataritzako hondakinak biltzeko sistema arautuko duen ordenantzarekin eta behin betiko onartu. Hala jakinarazi dute PSE-EE, EH Bildu, EAJ eta ELOP alderdietako ordezkariek, prentsaurrean. Hori nabarmendu nahi izan du Agustin Valdivia alkateak, alderdi politiko guztien lanari esker lortu dela onarpena. Akordioak Lasarte-Oriako hondakinen birziklatze tasa hobetzen lagunduko duela espero du.
Ordenantzaren helburu nagusia da % 60ko birziklapen tasara iristea, baina ez hori bakarrik, honako hiru xede hauek ere baditu:
- Errefusaren tratamenduari dagozkion kostuak murriztea, ontzien eta paperaren tratamendua handituz, horiek ez baitute kosturik sortzen.
- Herritarrak kontzientziatzea zein garrantzitsua den hondakinak jatorrian frakzioen arabera bereiztea eta aktiboki parte hartzea, eta horretarako bidea erraztea.
- Hondakinen murrizketa, berrerabilera eta birziklapena sustatzea
Hondakinen arloko Europako direktibek eta Estatuko Hondakinen Lege berriak parametro batzuk lortzera eta arautzera behartuta daude udalak. Horrela, onartu berri duten ordenantzarekin, haietan ezarritako helburuak lortzeko bidea emango duten tresnak izango dituztela nabarmendu du Zerbitzu Publikoetako batzordeburu David Mateosek. Jakinarazi du baita ere, ordenantzarekin batera, hainbat hobekuntza egingo direla hiri hondakinen bilketan. Honako hauek dira:
- Herritarrak sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta formatzeko kanpaina, informazioa herritar bakoitzari helarazteko eta zerbitzuari buruzko zalantza guztiak argitzeko. Kanpinaren barruan, etxebizitzak bisitatzea, etxe bakoitzera txartel berriak bidaltzea, informazio-gidak banatzea, informazioa kalean bertan ematea... aurreikusten da
- Errefusaren ontziak txartel bidez irekitzeko sistema, hondakin horren kopurua minimizatzeko asmoarekin, mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua
- Lurrazaleko zabor-ontzien islak berrantolatzea, irisgarritasuna eta erraztasuna kontuan hartuta
- Lurpeko zabor ontziak kentzea