Abadiño nagusi izan zen I. Lagunarteko Taula Xake Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 15a, 14:30

Pilota hotsek erlojuen soinuei egin zieten leku hilaren 12an Mirentxu Trinketean. I. Lagunarteko Taula Xake txapelketa jokatu zen bertan eta Abadiñoko taldea izan zen nagusi. Bizkaitarrek sari nagusia eraman zuten arren, asko ikasi zuten jokalari guztiek, baita txapelketako antolatzaile Taula Xake klubeko kideek ere

Abadiño, Getaria, Santurtzi eta Martintxo Taula Xake Klubeko bi talderekin batera lehiatu ziren proban. Abadiño eta Santurtzi taldeak Lasarte-Oriara etortzeak txapelketaren maila igotzea ekarri zuela onartu dute antolatzaileek. "Maisu titulatuak etorri dira jokatzera, baita Euskadiko hautatzailea ere. Nazioartean lehiatzen diren jokalariak dira eta horrek zail jarri du garaipena," adierazi dute.

Taldea bakoitzak xake azkarreko hamar partida lehiatu zituen eta onena Abadiñoko taldea izan zen. Getaria bigarren sailkatu zen eta Santurtzi hirugarren.

Taulako bi taldeak azken postuetan izan arren, klubeko kideei ez die axola sailkapenak: "Talde hasiberria gara. Gure helburua 90. hamarkadan Lasarte-Oriako taldeak zuen mailara iristea da, Euskal Liga. Baina aurten hasi gara lehiatzen eta pausoz pauso joan behar gara". 

Erronka gainditua
Taula Xake Klubeko kideak pozarren daude txapelketa antolatzeak suposatu duen erronka gainditu dutelako. "Aipatu moduan, klub gaztea gara; abenduan hasi ginen lanean. Horrelako txapelketa bat antolatzea erronka izan da. Hala ere, guztia primeran atera da; ordutegiak bete ziren, erritmoa mantendu zen..."

Horregatik, txapelketa gehiago edo bestelako ekimen irekiagoak egiteko prest daudela ere adierazi dute. "Lagunarteko txapelketa zerbait itxia izan da. Baina herritarren parte-hartzea sustatzeko bestelako ekimenak prestatzeko gogoak sortu dizkigu esperientziak," onartu dute.