Aurtengo sanpedroetan, festa giroak ez ezik, aldarrikapen ekintzek protagonismoa izango dute. Sortu berria den Lasarte-Oriako Transmaribollo Kolektiboak iragarri du manifestazio bat egingo duela "LGBTIQ+ harrotasuna" gisa ezagutzen den egunean, hilaren 28an, asteartez, 20:30ean, Okendo plazatik abiatuta. "Azpimarratzekoa da, jaiak direla medio, lehenengo aldia dela gure herrian horrelako mobilizazio bat egiten dela, eta adierazgarria iruditzen zaigu, Lasarte-Orian borroka honi eman izan zaion garrantziaren isla baita". Horren harira, adierazi dute borroka horrek ez duela "inolako presentziarik izan" gurean, "txosnetan edota udaletxean eskegitako oihal zati batez aparte". Aurreko urteetan Donostian deitutako manifestaziora joan izan dira.
Dinamika horrekin "hautsi", eta aldarrikapenak herrira ekartzea erabaki dute kolektiboko kideek, "hiriguneetako anonimotasunetik" ateratzea, "deszentralizatzea". Era berean, uste dute garaia dela haien egunerokotasunean bizi duten "ikusezintasunari" eta "era askotako erasoei" lokalki ere aurre egiteko. "Azken 4 urtetan, Euskal Herrian hirukoiztu egin dira salatutako eraso transmaribollofoboak". Azpimarratu dute "gero eta ozenago" entzuten dituztela kolektibo horren kontrako gorroto diskurtsoak: "Ustezko zilegitasun, askatasun eta lasaitasun handiagoz erasotzen gaituzte".
Iruditzen zaie "ezinbestekoa" dela mezu horiei aurre egitea, "autodefentsa praktikan jarri eta saretzea", baina ez soilik biolentzia hori jasotzen duten pertsonek, bai eta horrelako diskurtsoen aurrean jarrera neutrala adierazten dutenena ere. "Uste dugu hori konplize izatea dela". Horrenbestez, gogorarazi dute borroka ez dela soilik kolektiboko kideena, eta hilaren 28ko manifestaziora gonbidatu dituzte baita ere "transmaribollo bezala euren burua identifikatzen ez duten baina jarrera neutrala izan nahi ez duten horiek".